argia.eus
INPRIMATU
Enegarrenez mobilizatu dira Jaka Horiak
  • 500 lagun inguru bildu dira Baionan, protesta baketsuan. Frantziako leku ezberdinetan errepideak itxi dituzte, eta hiriburuetan polizak esku hartu du. Emakumeen presentzia inoiz ez bezala azaleratu da.

Gorka PeƱagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 07a
Argazkia: El EspaƱol

Urteko lehen eta orain arteko zortzigarren larunbata zuten Jaka Horiek. Indarberrituta itzuli dira: azken manifestazioetan jende kopurua murrizten zihoan, baina pasa den larunbatekoan berriz ere 50.000 lagunetik gora bildu ziren Frantziako Estatu osoan. “Biolentzia basatia” erabiltzen dutela dio Frantziako gobernuak, eta horren aurka egiteko, Baionan manifestazio baketsua deitu zuten. Dena den, hiriburuetan istiluak izan ziren.

Jaka Horiek 14:00etan zuten hitzordua Baionan, eta orotara 500 herritar inguru batu ziren protestara, gehienak jaka horiak soinean zituztela. Zergen igoeraren eta polizia indarkeriaren aurkako eta justizia sozialaren aldeko oihuak entzun ziren manifestarien artean.

Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantziako hiriburuetan mobilizazioak izan ziren. Handiena hiriburuan, Parisen. Macron presidentearen dimisioa eskatu zuten. Christophe Castaner barne ministroak hartu zuen hitza: “Mugimendu honek ez ditu Frantziako herritarrak ordezkatzen”. Parisen, manifestariek gobernuaren egoitzaraino joateko asmoa zuten, baina gendarmeek eragotzi zuten; beste behin ere gas negar-eragilea jaurtiz. 20 pertsona inguru atxilotu zituzten.

“Gu ere Jaka Horiak gara”

Zabalkunde handia izan dute Jaka Horien irudiek. Manifestarien profil hori –istiluetan gendarmeei aurre egiten azaltzen dena– gizonezkoena izan ohi da ia beti. Hargatik, pasa den larunbateko Jaka Horien zenbait mobilizazioetan emakumeek bete zituzten lehen lerroak, “gu ere Jaka Horiak gara” aldarri eginez. Horrez gain, Jaka Horiak ez direla biolentziara mugatzen adierazi eta protesta baketsuari bide eman zioten.