argia.eus
INPRIMATU
Endometriosia pairatzen duten emakumeei ez zaie gaitza garaiz diagnostikatzen, medikuek sintomak gutxiesten dituztelako
  • Batez ere emakumeek jasaten duten gaitz baten errealitate ezezaguna bistaratu du Querendo Mulleres con Endometriose kanpaina galiziarrak: batez beste zazpi urte baino gehiagoko atzerapenez diagnostikatzen da, pazienteak deskribatzen dituen sintomei ez zaielako behar adina garrantzi ematen.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 27a

Hantura eragiten duen gaitza da, hilekoari lotu ohi dena, baina pelbisean, pleuran, bularrean… eman daitekeena. Herritarren %10-15 ingururi eragiten dio eta gaitzak emakume aurpegia du batik bat.

Galiziako kanpainak salatu du osasungintzan babesgabetasun handia dutela endometriosia duten emakumeek, medikuek ez dietelako sinesten. Edo beste era batera esanda, mina dutela esan eta garrantzirik ematen ez dietelako osasun arloko profesionalek, “hilekoaren kontuak” bailiran, edo ez dela hain min handia izango pentsatuz. Ondorioz, min fisikoari min emozionala gehitzen zaiola kritikatu dute, pazienteek sentitzen dutelako ez dietela sinesten, esajeratzen ari direla eta “emakumeok beti zerbait daukagu” mantra dela nagusi. Eragina ere nabaria da sexu harremanetan, min fisiko eta emozionalari dagokionez.

Gaitzaren inguruko ezjakintasunak eta gutxiespenak pazienteen bizi-kalitateari eragiten dio eta antsietate eta depresiora eraman dezake.

Endometriosiari lotutako ikerketa finantzatu behar dela eskatu dute, La Mareak erreportaje mamitsu honetan jaso duenez.