argia.eus
INPRIMATU
GaroƱaren Kontrako Foroa:
“Endesa eta Iberdrola gure bizitzekin jolasean ari dira Gobernuarekin negoziatzen duten bitartean”
  • Garoñaren Kontrako Foroak gogor kritikatu du Nuclenorren Administrazio Kontseiluak Garoñako zentral nuklearraren berrirekiera eskatzeko erabakiari eutsi izana. Enpresaren bazkideetako batek, Iberdrolak, beste bazkideari (Endesa) adierazi dio zentrala berpizteari uko egin beharko lioketela, ekonomikoki bideraezina izateagatik.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko apirilaren 27a

Endesak, berriz, esan du nahiago duela Espainiako Gobernuaren erabakiari itxaron. Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak Garoña berriz irekitzeari onespena eman zionean, Industria eta Energia Ministerioak sei hilabeteko kontsulta epea ireki zuen, zentrala berriro martxan ipintzeko erabakia hartu aurretik. Abuztu hasieran amaituko da epe hori.  

Bi bazkideen arteko adostasun falta dela-eta, momentuz zentrala irekitzeko eskaria mantentzea erabaki du Nuclenorrek apirilaren 26an egindako administrazio kontseiluan.  

Garoñaren Kontrako Foroaren ustez, Iberdrolak agertutako jarrera ez da sinesgarria. “Apustua benetan balitz negozio sail hau ixtea, orain dela urte batzuk zentralak ixten edo akzioak saltzen hasiko zen”, adierazi dute prentsa ohar baten bidez. “Gero eta diru gehiago lortu nahi dute eta bost axola zaie pertsonen osasuna edo etorriko diren belaunaldiek energia nuklearren arriskurik gabe bizitzeko itxaropena”, gaineratu dute, “gure bizitzekin jolasean ari dira Gobernuarekin negoziatzen duten bitartean”.

Garoñaren Kontrako Foroaren esanetan Gobernuarengandik konpentsazio fiskalen bat eskuratzea da Nuclenorren benetako helburua; Endesa eta Iberdrolako buruek zentralaren geroari buruz egindako adierazpen publikoak estrategia horren barruko jokaldiak besterik ez lirateke, hartara. “Nuclenorrek bere kabuz uko egingo balio Garoña irekitzeari inbertitutakoa galduko luke, baina azkenean Gobernua bada berriz irekitzeko baimena ukatzen duena, baliteke enpresak ordain motaren bat eskuratzea horren truke”, adierazi du Foroko iturri batek.