argia.eus
INPRIMATU
“Emozio batzuk positibotzat edo negatibotzat ditugu, baina denak dira beharrezkoak”
  • Zahartze aktiboan ongizate emozionalak duen garrantziaz mintzatu da Miren Uharte Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko hezitzailea.

Olaia L. Garaialde 2024ko maiatzaren 17a
\"Ongizate emozionala nahiko baztertuta egon den gai bat izan da, elikadurak, ariketa fisikoak eta beste gai batzuek protagonismo gehiago hartu dutelako\".

Ultzamaldeko (Nafarroa) herritarrak “oso sakabanatuta” daude eta zahartze tasa "altua" da. Horregatik, elikadura, kirola, estimulazio kognitiboa eta ongizate emozionala ardatz hartuta zahartze aktiboa lantzen ari dira eskualdeko zenbait eragile. Miren Uhartek, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko hezitzaileak, ongizate emozionalaren inguruko tailer bat emanen du maiatzaren 20an, 10:30ean, Larraintzarko pilotalekuan.

Zergatik sentitu duzue zahartze aktiboa lantzeko beharra?

Ultzamaldean Denok bat erretiratuen elkartea dago, indartsua da eta urte asko darama dinamikak antolatzen. Hala ere, oso zonalde zabala da eta jendea herri txikietan sakabanatuta dago. Horrez gain, adineko jende asko dago eta geroz eta haur gutxiago. Horregatik, zahartzaroan arreta jartzeko beharra sentitu genuen. Bestetik, 2022an Nafarroako Gobernuak zahartze aktiboaren inguruko jardunaldi batzuk egitea proposatu zigun. Bertan, gizarte zerbitzuak, osasun etxeak eta erretiratuen elkarteak lanketa egiteko beharra zegoela ikusi genuen.

Zer da ongizate emozionala?

Ongizate emozionala nahiko baztertuta egon den gai bat izan da, elikadurak, ariketa fisikoak eta beste gai batzuek protagonismo gehiago hartu dutelako. Hala ere, azkenaldian gehiago hitz egiten da osasun emozionalaz edo ongi sentitzeak osasunean duen eraginaz. Bakoitzak bere ongizate emozionala dauka, eta norberak badaki zerk sentiarazten duen ongi. Orduan, minik ez hartzeko pentsamenduak zaintzea, egunerokotasuneko plazer txikiez gozatzea, harreman osasuntsuak lantzea, ingurukoak entzutea, entzuna sentitzea eta askoz gehiago da ongizate emozionala.

Zer-nolako ariketak eginen dituzue ikastaroan?

Asko egin daiteke ongizate emozionalaren inguruan hitz egiteko eta auto-zaintzarako estrategiak garatzeko. Momentuz, saioa oso txikia izango da, eta urritik aurrera gaia gehiago lantzeko talde bat egin nahi dugu. Oraingoz zertzelada txikiak azalduko ditugu ongizate emozionala mahai gainean jartzeko. Emozioetatik hasi behar gara; hau da, emozioak daudela azaldu, identifikatu, zertarako dauden ikusi eta balioan jarri. Bestetik, garrantzitsua da ulertzea norberak zer sentitzen duen eta ikustea emozio batzuk positibotzat edo negatibotzat ditugula, baina denak direla beharrezkoak.

Nola lantzen dituzue emozioak zaharrekin?

Egia da garai horretan ez direla landu emozioak eta gaur egun gutxi lantzen direla. Horregatik, 2022ko jardunaldiak egin genituenean jendearen erantzunak beldurtzen ninduen, baina oso positiboa izan zen. Bakoitzak bere esperientzietatik ekarpenak egin zituen. Garrantzitsuena da haiek ere garrantzia ematen diotela gaiari eta gogoa dutela gauza gehiago ikasteko eta egiteko. Hortaz, norbere arlotik zer egin dezakeen eta egunerokotasunetik nola landu dezakeen ikusi behar dugu, eta ikusi norberari zein gauza egiten zaion baliogarria eta zein zailtasun dituen.

Saretzea garrantzitsua da. Nola eragiten du herri txikietan bizitzeak harremanetan?

Gure zonaldea oso sakabanatua dago, herri txiki eta gune asko daudelako. Kasu honetan erretiratuen elkartea indartsua da eta horrek harremanetan eragin positiboa dauka. Saretzea denen artean egin behar da eta ikuspegi komunitarioa kontuan hartu behar da, udaletik hasita herritarretaraino. Beti ere kontuan hartuta eskualdean dauden zerbitzu guztiak. Egia da ere, herrietan isolamendua eta bakardadea handiagoak izan daitezkeela eta garraio arazoak egon daitezkeela. Agian, gaztetan errazagoa da mugitzea lagunekin egoteko, baina zahartzaroan autonomia izan arren, gauza batzuk egitea zailagoa da.

Geroz eta gauza gehiago egiten dira zahartzaroari begira?

Zahartzaro tasa oso altua da landa eremuan, zaindu egin behar da. Helburuak izan behar du jendea bizitzea ahalik eta denbora eta autonomia gehienarekin, naturalki bizi izan den lekuan. Autonomia galdu heinean, garrantzitsua da erraztasunak izatea norbere zonaldean eta etxean geratzeko. Horregatik, geroz eta ekintza gehiago antolatzen dira.