argia.eus
INPRIMATU
Macronek segitzen du presidente, botoen %58,2 lorturik
  • Botoen %58,2 lorturik, Frantziako presidentzialetarako hauteskundeak irabazi ditu Macronek. Parean, eskuin muturreko Marine Le Penek %41,8 lortu du, duela bost urte baino ia zortzi puntu gehiago. Abstentzioa %28,2koa izan da, 1969az geroztik ez zen ikusi parte hartze hain apala bozketa horietan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 24a

Emmanuel Macronek segitu du Frantziako Estatuko presidente, botoen %58,2 lorturik. 20:00tan eman dute irabazlearen berri, nahiz eta boto guztiak oraindik zenbatuak ez izan. Zenbakiak aldatuko dira, baina irabazlea berdina izanen da: orain arte presidente izandako Macron.

Abstentzioa %28,2koa izan da, 2017an baino handiagoa (%25,44koa izan zen 2017an). Ikusteke dago ere zenbatek bozkatu duten zuri.

17:00tan parte hartzea %63,23koa zen, 2017an baino bi puntuz apalagoa. Lehen itzulian, ordu horretan %65koa zen. Datu guztien kontaketa ez bada egina ere, parte hartzea %71,8 izan dela adierazi dute emaitzaren berri ematerakoan.

Le Penek eskuin muturraren diskurtso xenofoboa estrategikoki eztitu eta herritar prekarioei zuzendu du bere mezua, Macronen politikaren parean "aldaketa" gisa kokatuz berea. Emaitza ekarri du horrek, 2017ko bigarren itzulian %33,90 egin zuelako –aldi honetan baino ia zortzi puntu gutxiago–.

Lehen itzulian, Macronek %27,85 egin zuen, eta Le Penek %23,15. Hirugarren atera zen ezker muturreko Jean-Luc Melenchon, eskuin muturrarekin 0,8 puntuko alde ttipiarekin, eta bestelako hautagaitzek ez zuten %10aren langa gainditu.

Karrikak hartzeko deia

Hiri handi ezberdinetan manifestazioak eginen dituzte gau honetan. 20:01etan kaleak hartzeko deia zabaldua izan da sare sozialetan eta ahoz-aho, eta hori emaitzak jakin aurretik. “Autoritarismoaren, arrazakeriaren eta liberalismoaren kontra” mobilizatzeko deia zabaldu da bi itzulien artean.

Ondorengoa, Legebiltzarra

Ekainaren 12 eta 19an iraganen dira Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeak. Orain arte Macronen Gobernuak zuen hor ere gehiengoa. Bozketa horiek irabaztea du espero ezkerrak eta hitzordu horri begira ere egon da bi itzulien artean: izan Macron, izan Le Pen, parean, Legebiltzarrean gehiegoa lortzea du helburu gisa jarria. Ezker muturreko Jean-Luc Melenchon atera zen lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzulian hirugarren indarra, botoen %21,95 lorturik –Le Pen baino 0,8 puntu gutxiago, soilik– eta bere inguruan batu nahi du ezkerra: "Bataila eder honetan gurekin bat egitera gonbidatzen ditut Herri Blokean sartu nahi duten guztiak. Hirugarren itzulia dago, ez da bigarren itzulian bukatzen kontua". Europe Ecologie Berdeak ekologistekin, NPA antikapitalistekin, Alderdi Komunistarekin akordio bat lortzeko negoziaketak abiatuak ditu Melenchonen La France Insoumise alderdiak. Oraingoz, Alderdi Sozialista ez da negoziaketen parte, nahiz eta hitz egiteko irekidura erakutsia ukan.

"Ez landu gorrotorik: ez dago kontu zuritzerik, ez mendekurik, ez akrimoniarik. Izan ere, 11,2 milioi lagunak 12, 13, 14 milioi izan daitezke, eta herrialdearen grabitate-zentroa bihurtu", Melenchonen hitzetan.