argia.eus
INPRIMATU
Emmanuel Macron Miarritzen izanen ote da abenduaren 18an?
  • Egiari zor, Frantziako presidentearen etorrera ez da baieztatua. 2019ko abuztuko 25etik 27ra bitartean izanen den munduko zazpi estatuen arteko goi-bileran bai ordea. Iturri lausoetatik heldu den berria bada ere, Macron presidentea abenduko 18an egon liteke Euskal Herrian.

     

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko abenduaren 05

Emmanuel Macron Miarritzen egon edo ez, G7 goi-bilera antolatzen dutenak egon litezke. Baionako Pirinio Atlantikoetako azpi-prefeturak ez du deus eman aditzera, Miarritzeko auzapez Michel Veunacek ere ez.

Zein da Macron Miarritzen egoteko arrazoia? Beharra edo nahikaria al da? Izan ere, Iparraldean giro ez da hotza, bero-beroa baizik. Aitzina gazte mugimenduak  Macronen bisita probokazio gisa hartu du. “Jakobinismoaren eta kapitalaren lehendakaria” bezala jotzen du.

Besteak beste, honakoak leporatzen dizkio Aitzinak Macroni: lan-erreforma neoliberalak, hezkuntzaren merkantilizazioa, zerbitzu militarraren berrezarpena, migratzaileen kanporaketa ilegalak eta Seaskaren aurkako erasoak.

Gazte mugimendua Frantziako presidentearen etorrerari aurre egiteko prestatzen ari da.

Aldi berean, Jaka Horiak mugimendua ez da gelditua Euskal Herrian. Iparraldean mobilizazio gogorrak egin dituzte, Baiona hiriburuaren inguruan eta Biriatuko autobideko ordainlekuan. Hegoaldeko herritarrak jabetu dira manifestazio horien tinkotasunez eta ahalmenaz.

Hegoaldeko eta Iparralde artean abenduan ohiko diren herritarren joan-etorriak  ez dira “gozoak” izanen. Urterik urtera, garai bateko karruselak bestelako jitea hartu du itxura batez. Egungo muga ez da iraganeko muga. Gobernuek ezarritako mugek, mugaldeko kideen jarduerak aldarazi ditu.