argia.eus
INPRIMATU
Emirerriak: ‘Sportwashing’-ak funtzionatu egiten du

Mikel Aramendi 2024ko abuztuaren 01a
Argazkia: sirotti.it

Joan den uztailaren 21ean Arabiar Emirerri Batuetako auzitegi batek egundoko kartzela-zigorrak ezarri zizkien 57 bangladeshtarri kale-protestak egiteagatik Persiar Golkoko herrialdean, biziarteko hiru espetxealdi barne. Kale-erakustaldi horiek guztiz baketsuak izan bide ziren, eta haien zergatia ere ez zen nolanahikoa: Bangladeshen, protestarien sorterrian, kuota-sistemaren kontra egiten ari ziren kale-mobilizazioekin, eta haietan jasaten ari ziren errepresio bortitzaren aurkako agerraldiekin bat egin zuten.

Italia, Frantzia, Kanada, Qatar edo Maldivetako diasporan ere egin dituzte antzeko protestak; baina beste inon ez dute nozitu AEBetako zehapen ikaragarria. Agian, horixe, izua ereitea, litzatekeelako errepresio gupidagabearen zergati nagusia: biztanleen ia hamarretatik bederatzi langile atzerritarrak dituen herrialdea dira Emirerriak, haien artean asko Bangladeshetik etorriak, eta inolako eskubiderik gabeak. Eta Dhakako gobernuarekiko edozein sintoniak baino gehiago hauspotuko zuen, ziur, Mohamed bin Zayed-en aginteak horren berezkoa duen gogorkeria.

Albisteak, haatik, apenas aurkitu zuen oihartzunik nazioarteko hedabideetan; ez orduan ez ondorengo egunetan. Eta uztailaren 21ean bertan, oso bestelako zerbaitek ekarri zituen Emirerriak lehen planora: UAE Team Emirates taldearen buruak, Tadej Pogacarek, irabazi zuen Nizan Frantziako 111. Tourra, markak hautsi eta ziklismo-zale asko, gehientsuenak, aho zabalik utzita.

Zabarkeria litzateke Pogacar eta konpaien balentriak langile bangladeshtarren aurkako bidegabekeriaren ifrentzua direla esatea. Baina, era berean, itsu samarra izan behar da (edo kirolaren mundutik oso urrun egon) ez jabetzeko Emirerriak direla sportwashing-a ia beste edozeinek baino landuago –eta eraginkorrago– egiten duten erregimenetako bat. Hain da efikaza, ezen, apenas aipatzen baita hartarako espresuki egindako lan serio samarretan ere.

Badu zerikusia ke-laino horrek azken bi hamarkadatan bereziki Emirerriak jokatzen ari diren paperarekin arabiar mundu geopolitikoan. Libia, Egipto, Siria, Yemen, Somalia... zaila da Emirerrien esku-hartze zuzen bezain isilaren aztarnarik gabeko krisi bat kausitzea ingurune eta aldi horretan. Herrialdearen muntak zilegituko lukeena baina askoz handiagoa, baina haren dirutzak eta interesek –eta armategiak– ulertarazten dutena. Sudango gerra zibila dugu oraintxekoa, Txadeko gatazkarekin uztartuta.

Horren ifrentzua bai dela sportwashinga.