argia.eus
INPRIMATU
Emilie Martinen aurkako euroaginduari ezetz erantzun dio Paueko Auzitegiak
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroaginduari ezetz esan dio Paueko Auzitegiak, eta horrenbestez ez dute Emilie Martin Bagoaz taldeko bozeramailea Espainiaratuko. Gainera, militante abertzaleari ezarritako kontrol judiziala kentzea ere deliberatu dute epaileek. Hala, urriaren 11ko saioan prokuradoreak egindako eskari guztiak bete dituzte.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 18a
Emilie Martini talde terroristako kidea izatea leporatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, besteak beste. (Argazkia: Euskal Irratiak).

Urriaren 6an eman zioten Martini Espainiako Auzitegi Nazionalak bidalitako euroaginduaren berri. Talde terroristako kide eta laguntzaile izatea eta Herrira taldearen jarduera eteteko ezarritako neurriak ez betetzea leporatu zioten, besteak beste. Martin auzitegiaren kontrolpean egon da Paueko Auzitegiak agindua jakinarazi zionetik.    

Urriaren 11n, prokuradoreak argudiatu zuen euroaginduak ez zuela behar bezala zehazten zein izan zen Martinen parte hartzea eta inplikazioa leporazten zitzaizkion ekintzetan. Horrenbestez, Martin Espainiara ez bidaltzeko galdatu zuen, baita Paueko Auzitegiak ezarritako kontrola kentzeko ere. Eskari biak aintzat hartu dituzte epaileek.