Herrirako Ipar Euskal Herriko ordezkariak goizeko 10:00etan aurkeztu behar zuen epaitegian, Espainiako Estatuan talde terroristatzat jotzen den mugimenduko kide izatea egotzita. “Ez naiz joanen giza eskubideez trufatzen den epaitegi baten aitzinera” adierazi du Martinek Euskal Irratietan, deliberoak ekarriko dizkion ondorioen jakitun izanagatik ere: Madrilek euroagindua luzatuko du eta Frantziak aplikatuko duen edo ez erabaki beharko du.
Espainiako Estatuak irailaren 30ean herri mugimendu horren kontra abiatutako operazioaren baitako beste urrats bat da Emile Martini aplikatu zaiona. Egun hartan 18 lagun atxilotu zituzten eta urrian Emilie Martin eta Jon Mintegiaga deitu zituen epaitegiak. “Talde terroristako kide izatea”, “talde terrorista finantzatzea” eta “terrorismoa goratzea” egotzi zaie denei.
Operazio horren baitan Herriraren aktibitatea bederen bi urtez geldiarazi zuen epaitegiak, bai kontu korronteari dagokionez, baita webguneko eta sare sozialetako jardunari dagokienez ere.
Sarekada gertatu eta hiru egunera, Emile Martin eta Garbiñe Eraso prentsaurrean agertu ziren operazioa Ipar Euskal Herrira zabalduko zenaren susmoa adierazteko. Halaxe gertatu ere. Parisko Gobernua eta Alderdi Sozialistari Herriraren kontrako “erasoaren” aurrean erreakziona zezan eskatu zieten, Christiane Taubira Justizia ministroa zuzenki interpelatuz. Herriraren kontrako operazioa gauzatzen ari zen egunean Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardónekin borroka anti-terroristarako elkarlanaren indartzea sinatzen ari zen ari zen Taubira, eta horren ordez bake prozesuaren aldeko pausoak eman zitzala eskatu zioten Ipar Euskal Herriko Herrirako bi kideek.