Ertzaina emakume bezala erregistratu zen Trans Legearen bitartez, baina inori ez zion aldaketaren berri eman. Fiskaltzak uste du indarkeria matxista leporatzetik libratzeko asmoarekin aldatu zuela sexuz.
Sexu aldaketak larunbateko erasoa ez luke indarkeria matxistaren barruan kokatuko, ertzaina emakume bezala agertzen delako Erregistro Zibilean. Fiskaltzak uste du ertzainak tratu txarrak eman ohi zizkiola bikotekideari, eta larunbatean gertatutakoa ez zela izan gertaera puntual bat. Baita ere, ikertzen ari da ertzainak azaroan sexu aldaketa egiteko helburua genero-indarkeria ez leporatzeko den, aldaketaren berri ez baitzion eman inori.
Genero aldaketa baldintzatzen ari da prozesu judiziala. Gipuzkoako Fiskaltzak oraingoz etxeko indarkeria arloan kokatzen du auzia, baina fiskaltzak nahi du emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegi batek ikertzea.
Bestalde, atxilotuak ultraeskuindar joerak dituela adierazi du Naizek. Sare sozialetan mezu asko jartzen dituen pertsona da, immigrazioaren eta ezkerreko independentisten aurka. Gogoratzekoa da ultraeskuinak Espainiako Estatuan duen lehentasunetako bat dela Trans Legea baliogabetzea. El Diario Vascok dioenez, Gipuzkoako lehen kasua izango litzateke sexu aldaketa bat iruzur egiteko egin dela.
Urruntze aginduarekin, aske
Hilketa saiakeragatik atxilotu zuten ertzaina, baina, labana bat erabili zuen arren, epailearentzat, “gertatutakoa ez da hilketa saiakeratzat hartzeko bezain larria”. Nagusiki, emazteak eta alabek ez dutelako lesio fisiko larririk. Bi aldeek bertsio kontrajarriak kontatu zituzten epaitegian, eta larunbat arratsaldean bertan geratu zen aske gizona, karguak leporatuta.
Urruntze agindua ezarri diote emazteari eraso egiteagatik behin-behinean aske utzi duten gizonari, eta ezingo du inolaz ere emakumearekin komunikatu. Epaileak mehatxu larriak egitea egotzi dio eta ezkonduta egotearen larrigarriarekin. Delitu horregatik sei hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra jaso dezake erasotzaileak.
Bi alaba adingabeen aurrean eraso zion emazteari, sukaldeko labana handi batekin. Emakumeak, piper gasa erabilita, alaba txikienarekin batera ihes egin eta laguntza eskatzea lortu zuen. Martuteneko kartzela zaintzen duten poliziengana jo zuten, goizaldeko lauretan. Ertzaintza erasoa gertatu zen etxebizitzara hurbildu zenean, gizona beste alabarekin etxean giltzapetu zen. Poliziak negoziaketaren bidez lortu zuen alaba ateratzea, eta ondoren, erasotzailea atxilotzen utzi zen erresistentziarik jarri gabe.