argia.eus
INPRIMATU
Emazteari eraso egin zion ertzaina kargutik kendu dute
  • Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi du: “Ertzaintzako barne arautegiak hutsegite larritzat eta botatzeko arrazoi posibletzat ditu horrelakoak”. Gainera, Gipuzkoako Fiskaltzak eskatu dio instrukzioko epaitegiari auzia genero indarkeria delitu moduan epaitzeko.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 22a
Donostiako Buleabarrean elkarretaratu ziren.

Larunbat goizaldean zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat atxilotu zuten, emazteari laban batekin eraso egiteagatik. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua kasuaz mintzatu da SER irratian: “Oraingoz Ertzaintzatik baztertu dute, epaileek erabaki bat hartzen duten bitartean”. Gaineratu du Ertzaintzako barne arautegiak “hutsegite larritzat eta lanetik kanporatzeko arrazoi posibletzat” hartzen dituela horrelako kasuak.

Zupiriak salatu du gertatutakoa “oso larria” dela, genero indarkeria edo etxeko indarkeria izan. “Kasua ikertzen ari diren ertzainek uste dute kasua genero indarkeria dela eta horrela jakinaraziko diote fiskaltzari eta dagokion epaitegiari, gero justiziak erabakiko du auzia nola tramitatu”, gaineratu du Segurtasun sailburuak.

Ertzaina epaileek aske utzi zuten mehatxu larriak egotzita. Indarkeria matxista ez zela izan esan zuten, erasotzailea emakume bezala erregistratuta baitzegoen. Nonbait, Trans Legeaz baliatu zen emakume moduan erregistratzeko. Hala ere, fiskaltzak uste du genero indarkeriaz epaitua izatetik libratzeko egin zuela, emazteari lehenagotik ematen zizkiolako tratu txarrak.

Donostiako Bulebarren egindako kontzentrazioan "gogor" salatu dute erasoa

Erasoa eta epaileen ondorengo erabakiak salatzeko elkarretaratzea egin dute Bulebarren Donostiako Asanblada Feministak deituta, asteazkenean, 18:00etan. Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteak gogor salatu du gertakaria eta batu egin da mobilizaziora. Talde feministek "irmoki" salatu dute lege iruzurra egiten ari dela ertzaina, "gizon gisa sozializatzen delako".