argia.eus
INPRIMATU
Iker, hamar urte baratze ekologikoa lantzen
“Ematen du gure agintariek Food For Future eta proiektu hidroponiko eta galaktikoetan jarria dutela begirada”
  • Baratze ekologikoen kostu prezioak eta lan baldintzak ikertu ditu Duina lanketa kolektiboak. Azterlan honen emaitzak aurkeztu ditu Biolurrek irailaren 27an eta bertan irakurri zuen honako testua Ikerrek. Bera, beste hamar baratzezainekin batera aritu da bere eguneroko jardunaren datu xeheak biltzen, ikerketarako. Lan honen garrantziaz eta ekoizpen ekologikoaren etorkizun zailaz mintzatu da:

ARGIA @argia 2022ko irailaren 30
Nerea eta Iker, Duina ikerlanean parte hartu duten 11 baratzezainetako bi. Hainbat barazkiren kasuan, ekoizpen kostuak prezioa bera baino garestiagoak direla erakutsi du azterlanak, eta Nereak azpimarratu du ikerlan honetan berretsi dutela zenbat maite duten haien lana.

Gogoratzen dut oso ondo 2020ko ekainaren 18an, hemen Zornotzako ENEEKen egoitzan, Biolurreko neskekin batera elkartu ginenean baserritar talde bat. Proposatzen zigutena hasiera hasieratik erronka handia zen, lanari lana gehitzea. Baina hala ere erronka onartu genuen, motxila lepoan hartu, eta bi urte eta gero hemen gaude.

Erronka onartu genuen, izan ere, baratzegintzara dedikatzen gara, badira jadanik 10 bat urte, eta urtez urte antzeko galderak egiten dizkiogu gure buruari: ea ondo ote goazen, ea bide onetik goazen, ea lan guzti honek merezi ote duen, eta ea beste urte bat iraungo ote dugun... Informazio mordoa bildu dugu urte guzti hauetan gure koadernoetan, baina ez dugu jakin informazio guzti hori elkarlotzen, saretzen eta azken tantaraino zukutzen... Eta hara, hor agertu ziren Biolurreko teknikariak. Eta apur bat beldurrez eta apur bat pozik, gu ere ontziratu ginen Duina proiektu hartan. Bi urteko esperientzia honek galdera horiei erantzuteko aukera eman digu.

Buf! A zer lanak hartu genituen! Badirudi Duinari 104 ordu dedikatu dizkiodala, baina ematen du 1.004 izan direla! Datu bilketa zehatzak, excellak eta aplikazioak... Gaueko ordu txikitan topatu izan dut nire burua maiz dena koadratzeko, eta detaile minuskuloak tauletan txertatzeko. Aitortuko dizuet astuna izan dela ikerketaren datu bilketa fasea, buztintsua gure lurrak bezala. Baina merezi izan du, bai horixe! Merezi izan du hainbat arrazoi tarteko:

- Gure proiektuen erradiografia ezin hobeak lortu ditugu, bai alde ekonomiko zein teknikotik.

- Datuok konparatzeko eta ondorioz gure ekoizpenak hobetzeko aukera eman zaigu.

- Talde tekniko aparta topatzeko aukera izan dugu, eta ezagutza horren garrantziaz jabetu gara.

- Gure bailarako baserritar taldetik harago mundu bat badagoela konturatu gara, eta zinez plazer bat izan da.

- Baratzezainen bizi eta lan baldintzak duintzeko gure hare aletxoa jarri izanaren itxaropena dugu.

Aitortuko dizuet hala ere, 2022ra etsipen puntu batekin iritsi naizela. Ematen baitu gure agintariek "Food For Future" eta proiektu hidroponiko eta galaktikoetan jarrita daukatela begirada. Badirudi, esaten dute informe ofizialek, produktu ekologikoen kontsumoa ez dela jaitsi pandemian zehar, baina ez al genuen ba pentsatzen pandemia horrek zerbait aldatzeko balioko zuela? Ez al zuen kontsumo horrek gora egin behar? 2030. urterako (8 urte barrurako) EAEko nekazaritza lurren %25a ekologikoa izateko zer egin behar dute gure agintariek? Gaur egun %4,6 da... Duda barik, baserritarron bizitzan duintzea pausu handia litzateke bide horretan. Datuak hor daude...

Beno, gaur ondo egindako lan bat ospatzeko bildu gara hemen, eta ikerketaren ondorioei segida nola eman jakiteko. Balio beza ahalegin honek sektoreari freskotasun apur bat emateko. Buztinezkoa eta labetik atera berria den pitxer borobil honek iturritik etxera ur berria ekarriko al digu?