argia.eus
INPRIMATU
Emantzipaziorako eredu berria Errenterian: Etxebizitza Komunitarioa
  • Udalaren Marea Gora egitasmoak garatu duten parte hartze prozesuaren lehen fasea amaitu da eta Errenteriako lehen Etxebizitza Komunitarioa izango denaren oinarriak finkatu dituzte.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 18a
Errenteriako Etxebizitza Komunitarioa egongo den eraikina

Bost bilera eta jardunaldietan parte hartu duten 68 gazteen iritziekin finkatu dira proiektuaren oinarriak, eta 2018rako martxan egotea espero dute.

Errenteriako gazteek alokairua edo hipoteka beste aukerarik ez dute gurasoen etxetik joateko, eta duten prezioarekin hori ezinezkoa da, Udalaren esanetan. Bi eredu horiek gainditzeko eztabaida egin dute, eta alternatiba proposatu. Danimarkako eta Bartzelonako hainbat proiektu izan dituzte eredu.

Hauek dira hartutako erabakiak:

  • Errenterian erroldatutako 18tik 30ra urte bitarteko gazte guztiei irekita egongo da.
  • Hiru urtez edukiko da bertan bizitzeko eskubidea.
  • Ez da eraso sexista, arrazista ez eta homofoborik onartuko, eta konpromiso soziala erakutsi beharko da jardueren antolaketan eta auzolanean (hilean gutxienez 9 ordu).
  • Errentaren araberakoa izango da alokairua: soldataren %15 (gastuak barne).
  • Hainbat espazio komun izango ditu eraikinak eta horien kudeaketa auzolanean egin beharko dute bizilagun berriek.

Pozik agertu da Udala prozesuaren emaitzekin, eta gisa honetako proiektuak Euskal Herrian zabaltzeko interesa erakutsi dietela esan dute. Proiektuaren memoria bildu dute lan horretarako lagungarria delakoan.