Emantzipatu nahi duten baina ezin duten gazteen kopurua gero eta handiagoa da Europar Batasunean. Errealitate hori datutan jarri du Eurofund erakundeak argitaratu berri duen ikerlan batek, eta etxebizitzaren garestitzea da arrazoi nagusietako bat, baina ez bakarra.
Eurofund erakundeak gazteen egoera prekarioa agerian uzten duen txostena publikatu berri du. Datu bat nabarmentzen da batez ere: emantzipatu ezin duten herritarren kopuruak gorantz egiten jarraitzen duela Europar Batasunean. Zehazki, 25-34 urte bitarteko gazteen artean, gurasoen etxean bizi diren gazteen portzentaia %24tik %27ra igo da bost urtetan, 2017tik 2022ra.
Becoming adults: Young people in a post-pandemic world (Heldu bihurtu: Gazteak pandemia osteko mundu batean) txostenaren emaitzak laburtu ditu Naiz.eus-ek artikulu batean eta datu "kezkagarriak" azaleratu ditu.
Diferentziak nabarmenak dira herrialdearen arabera, baina denetan egin du gora kopuruak. Hala, Espainiako Estatuaren kasuan 2017-2022 epealdian, %35etik %42ra egin du gora gurasoen etxean bizi diren 35 urte azpiko gazteen portzentaiak. Frantziako Estatuan, berriz, %10etik %12ra igo da. Hau da, bi estatu horietan bost urtetan %20 egin du gora gurasoen etxean bizi diren gazteen portzentaiak.
Gazteei euren asmoez galdetuta, erdiak erantzun du nahiko luketela urtebeteko epean emantzipatu, baina soilik %28 ari da modu aktiboan etxea bilatzen.
Egoera hori etxebizitzaren eta alokairuen prezioen gorakadarekin lotzen du txostenak. Eurostatek emandako datuen arabera 2010etik 2022ra %47 garestitu dira etxebizitzak batez beste. "Etxebizitza da gazteen menpekotasunik ez izateko oztopo nagusietako bat" ondorioztatu dute txostenaren egileek.
Gogorarazi dute pandemiareekin gazteen osasun mentala nabarmen okertu zela, eta gaur egun egoera bestelakoa den arren, 16 eta 29 urte artekoen artean oraindik jarraitzen du eragiten, besteak beste etorkizuneko planik ezin egin ahal izateagatik.
Datuek erakusten dute gazteen artean lan harremanek jarraitzen dutela "prekarioak eta injustuak" izaten. Hau da, lana ez dagoela ondo ordainduta edo ez dela aski "erakargarria"
Naiz.eus-ek editoriala ere eman dio gaiari eta nabarmendu du, etxebizitzaren prezioak fokupean jarri arren, txostenak lan-harremanei eta lan-baldintzei ere erreparatzen diela bereziki. Hala, azken urteetan enplegu tasa handienetakoa dute gazteek, eta bizitza laboral "seguruagoa eta orekatuagoa" ere bai, ikerketaren arabera. Baina aldi berean, lanarekin ez daude gustura eta ia erdiak lanez aldatu nahiko luke edo atzerrira joan beste bizi-proiektu bat probatzera.
Datu horiek erakusten dute gazteen artean lan harremanek jarraitzen dutela "prekarioak eta injustuak" izaten. Hau da, lana ez dagoela ondo ordainduta edo ez dela aski "erakargarria", eta batez ere, gazteak ez daudela pozik Europako bizimoduarekin: "Baieztatzen du egungo politika neoliberalen porrota".