Kaskarotenea ikastolan izan dira asteazkenean Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Koldo Tellitu presidenteak eta Imanol Igeregi zuzendariak ikastola bakoitzari 100 euroko laguntza eskatu diote “Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari” kanpainarekin; honela, Kaskaroteneak egunean ordaindu beharreko 100 euroko isunari aurre egiten lagundu dezaten.
"Ziburuko ikastola gure elkarteko kide izanda eta dagoen larritasun egoeraren aurrean, erantzuna tamainakoa izan behar da", adierazi du Tellituk, ikastolei beren sostengua adierazteko dei eginez. Euskal Herriko erakundeei ere aferan esku hartu eta lagundu dezaten eskatu die Tellituk.
Laida Mujika Kaskaroteneako presidenteak dirua biltzen jarraitzen dutela azaldu du, baita diruaz bestelako babesa ere. "Eman egun bateko bizia Ziburuko Ikastolari" kanpainarekin EHIEk “benetako laguntza eta ahaidetasuna” erakutsi dutela gehitu du Paxkal Indo Seaskako zuzendariak.
Bestalde, Mujikak azaldu du oraingoz “egoera normala” dela. Bere esanetan, haurrak “ondo eta pozik” ari dira joaten ikastolara eta oraingoz ez dute presiorik sentitzen.
Herriko Etxearekin bilkura ostiralean
Indo ostiralean elkartuko da Herriko Etxeko arduradunekin. “Aterabide duin eta normala” emango dioten esperantza duen arren, konponbidea elkarrekin lortuko dutela dio."Herriko Etxearekin harreman informala izan da eta badirudi ez dutela mugitu nahi, baina ostiralean egiaztatuko dugu", zehaztu du.
Guy Poulou auzapezak, aldiz, berretsi du ura, argindarra eta hesiak kenduko dizkiola ikastolari.