Emakundeko Izaskun Landaida zuzendariak euren aurrekontuek, 2012koekin konparatuz, %20ko murrizketa jasango dutela adierazi zuen atzo Gasteizen eginiko agerraldi batean. Murrizketa hauek berdintasunaren eta indarkeria matxistaren biktimen esparruei eragingo diete. Azken arloa Jaurlaritzaren menpe zegoen orain arte, baina bere gain hartu du Emakundek 2013an.
Hala ere, aurretik martxan zituzten egitasmo guztiak mantentzen saiatuko direla esan zuten Izaskun Landaida zuzendariak eta Ana Alberdi idazkari nagusiak, martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira prestatutako prentsaurrekoan. Asmoa zerbitzu berak eskaintzea izango da, nahiz baliabide gutxiago eduki. Horretarako, Jaurlaritzaren diru laguntzak berraztertuko dituzte.
Emakundek jasango duen murrizketa txikiagoa izango da Lehendakaritzak orokorrean jasango duena baino. Iñigo Urkullu lehendakariak joan den astean esan zuenez, Lehendakaritzak %36ko galera izango du aurten. Bestalde, lehengo urtean Emakundek %10eko murrizketa izan zuen 2011ko aurrekontuekin alderatuz.
Horrez gain, atzoko prentsaurrekoan Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpaina aurkeztu zuen erakundeak “Berdin gehiago da” lelopean. “Berdintasuna oraindik konkistatu ez den giza eskubidea da”, adierazi zuen Landaidak.