argia.eus
INPRIMATU
Sestaoko hilketa matxista salatu dute hainbat herritan
  • Ehunka herritar elkartu dira Sestaoko Kasko plazan, larunbatez, ostiraleko hilketa matxista salatzeko. Euskal Herriko beste hainbat herritan salatu dute hilketa mugimendu feministaren eta erakundeen eskutik.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 15
Larunbateko elkarretaratzea Bilbon, Arriaga Antzokiaren aurrealdean. Argazkia: Ecuador Etxea

56 urteko Conchi Gonzalez sestaoarra etxean aurkitu zuen Ertzaintzak hilda. Senarrak bere buruaz beste egin du. Hilabete ere ez da igaro Aizarnazabalen Aintzane Pujana hil zutenetik.

Euskal Herriko Emakumeen mundu martxak eta Euskal Herriko mugimendu feministak salatu dute biolentzia matxistak eguneroko pandemia izaten jarraitzen duela. Prebentziorako politika feminista errealak behar direla azpimarratu dute, transbertsalak izango direnak eta hezkidetzan sakonduko dutenak. Indarkeria sexista lehen mailako arazo politikotzat hartu beharra dagoela adierazi dute bi taldeek. Emakundek biolentzia matxista emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena dela gogorarazi du.

Sestaoko Kasko plazan, Ernari talde feministak antolatuta bildu dira hilketa matxista salatzeko. Lehenago erakundeetako ordezkariak bildu dira plaza berean, hala nola, alkatea eta udal talde guztien ordezkariak, Beatriz Artozabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Teresa Laespada Berdintasun diputatua. 

Emakumeen Mundu Martxaren eskutik, Bilboko Arriaga plazan elkartu dira protestan. Euskal Herriko hainbat hiriburutan ere protestak egon dira, Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta Iruñean Udaletxe plazan, besteak beste.