argia.eus
INPRIMATU
Emakundek ‘Pikara’, ‘Berria’ eta Lucía Martínez Odriozola saritu ditu
  • Pikara aldizkariak, Berria egunkariak eta Lucía Martinez Odriozola EHUko kazetaritza irakasleak (hil ondoren) jaso dute aurtengo Emakunde Saria, “genero-ikuspegia duen eta berdintasunarekin konprometituta dagoen komunikazio eta kazetaritzaren alde egindako ekarpenagatik”.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 10
Argazkia: irekia.eus

Komunikabideek balioak aldatzeko duten ahalmena eta kazetaritzan genero-ikuspegiak duen garrantzia nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburu Beatriz Artolazabalek: “Rol eta estereotipo sexistetatik eta munduaren ikuspegi androzentrikotik urruntzen den kazetaritza” beharrezkoa da, dio, “bereziki errealitatea sinplifikatu nahi duten berdintasunaren aurkako diskurtsoak agertzen diren garai honetan”. Berdintasunaren Lege berri bat onartu dutela ere nabarmendu nahi izan du sailburuak.

Lucía Martínez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako “ekarpen aitzindari eta erreferentziala” nabarmendu du epaimahaiak. Pikara aldizkari feminista berriz, “erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik”, dio epaimahaiak. Azkenik, Berria egunkariak “berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa” azpimarratu dute, “genero-ikuspegia erredakzio-lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen kalitatezko informazioaren bidez”.

Aitorpen publikoa ere luzatu diete “egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko beste profesional batzuei eta ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei”.