Bortxa matxistaren aurkako gida teknikoa aurkeztu dute asteazkenean Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak Gasteizen. Indarkeria matxista jasan duten emakumeei, erreparaziora bidean laguntza eskaintzeko hainbat irizpide izango dituzte eskura udalek gida honi esker.
Berriak adierazi duenez, orain dela bost urte abian jarritako proiektu baten emaitza da. Gida euskaraz, gazteleraz eta ingelesez kaleratuko da eta mila ale banatuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan. Berdinsarearen barruan gauzatu dute, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako udalen sarean eta Eudelek koordinatu du, Emakunderen laguntzarekin.
Gidaren helburu nagusietako bat, erreparazio sozial eta sinbolikorako politikak lantzen hastea da. Bilatzen du, baita ere bizirik iraun duten biktimen eskubideak urratzea ahalbidetu duten baldintzak gehiago errepika ez daitezen bermatzeko neurri zehatzagoak gauzatzea.
Gidan, indarkeria matxistari erreparazioa emateko bost irizpide nagusi nabarmentzen dira: egoera leheneratzeko bideak; kalte-ordain mota ezberdinak emateko aukerak; errehabilitaziorako arreta bermatzeko tresnak; biktimaren gogobetetzea lortzeko irizpideak; eta gertatutakoa berriz ez gertatzeko bermeak. Adibideak ere eman dituzte gidan, udalek antolatu ditzazketen ekintza ezberdinen berri izateko: emakume biktimak bil daitezela sustatzea, ahalduntze eskolak sortzea, indarkeria matxistaren biktimentzako ezohiko laguntza ekonomikoak ezartzea, besteak beste.