Interneten gero eta joera matxista handiagoa dela eta, mutil gazteak sentsibilizatzen saiatuko da emakunderen Gizonduz programa, eta kirol-arloko irakasleak eta profesionalak trebatuko ditu.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak, astelehenean iragarri duenez, bere sailak, Emakunderen bitartez, %59 handituko du aurten Gizonduz izeneko programa. Arrazoiak honako hauek dira adierazi dutenez: Berdintasunerako Lege berrituak gizonei zuzendutako ekintzak planteatzen dituelako, gero eta joera neomatxista handiagoa dagoelako mundu mailan, desberdintasuna eta genero-indarkeria ukatzen dituena, eta gazteen artean eragina izaten ari dena, eta sentsibilizazioan eragiten denean “emaitzak lortzen” direla baieztatu dute.
Gizonduzeko prestakuntza ekintzetatik igaro diren bi gizon ere izan dira agerraldian. Prestakuntza honek euren bizitza eta lanean izan duen eragin baikorra azaldu dute Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Zuzendari Iñaki Elexaldek eta Gasteizko Medizabala Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko irakasle Iñigo Esnaolak.
"Ziur gaude gizonekin lan egiteak berdintasunerako bidea errazten laguntzen digula", adierazi du Melgosak. Sailburuak nabarmendu du, halaber, EAEn berdintasuna garrantzitsua izatearekin ados edo oso ados dauden gizonen kopuruak gora egin duela. 2007ko datuen arabera, %77 ziren eta egun %99ak adierazi du hori.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, orientazio berri honekin, Gizonduz-ek "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka konprometituta dauden gizonen kopurua handitzeko asmoa azpimarratuko du, bereziki gazteengan eta lidergo postuetan dauden horiengan eraginez".
Aurten, Gizonduz-ek bere jarduera-ildoekin jarraituko du, hala nola prestakuntza- eta sentsibilizazio-programarekin edo Gazteak Berdintasunean proiektuarekin, gazteen artean berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioa sustatzera bideratua. Gazteekiko lana indartuko da.
Halaber, politika publikoetan gizonen eta maskulinitateen ikuspegia txertatzeko jarraibideak biltzen dituen gida bat egingo dute, eta profesionalak prestatuko dituzte kirolaren arloan sentsibilizatzeko.