argia.eus
INPRIMATU
Emakunde saria jasoko dute Hitzez elkarteak eta Arabako Landa Eremuko Emakumeen sareak
  • Datorren asteartean izango da sari banaketa Donostian eta egun horretarako hitzaldi ziklo bat antolatu du Emakundek Marcela Lagarde antropologoa eta Sara Ibarrola soziologoarekin.

Karkara Orio eta Aiako orainkaria 2016ko apirilaren 21a

Aian du egoitza Hitzez elkarteak, eta elkartean hainbat aiar daude. Apirilaren 26an Donostiako Kursaalean Emakunde Sariak banatuko dituzte, Emakumeen Ahalduntzea, Berdintasunerako Gakoak jardunaldiaren baitan. Sarietako bat Hitzez elkarteari emango diote.

Sari banaketaz gain, egun osoko egitaraua ondu dute antolatzaileek. Bi hitzaldi antolatu dituzte goizean. Marcela Lagarde antropologoa eta Sara Ibarrola soziologoa izango dira hizlariak. Mahai ingurua ere egingo dute, emakumeen ahalduntzeari buruzko esperientziak eta testigantzak partekatzeko. Hainbat elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte, baita Hitzezekoek ere.

Saria Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteak jasotzeaz gain, Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak ere jasoko du. Iñigo Urkullu Eusko  Jaurlaritzako lehendakariak emango die oroigarria. Sariekin emakume baserritarrek eta landa eremuko emakumeek duten lana aitortu nahi dute, emakumeak ezinbestekoak baitira landa eremuak bizirik izateko.

Albiste hau Karkara-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra