argia.eus
INPRIMATU
Emakunde Lehendakaritzara lotuta egoteko erabakia berriro aztertzeko eskatu diote Urkulluri
  • Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendariak eta Itziar Fernandez idazkari nagusiak agiri bat sinatu dute Iñigo Urkulluri eskakizun formala luzatuz. Emakunde berriro Lehendakaritzan egotea eskatu dute. Euskal Herriko hainbat talde feministek idatzi bat sinatu dute politika publiko berdinzaleen alde.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 10a
Emakunderen egoitza. Argazkia: Wikimedia Commons

1988an Txaro Arteaga Ansa eta Itziar Fernández Mendizabal arduratu ziren Emakunde martxan jartzeaz eta garatzeaz. Arteaga izan zen lehen zuzendaria, eta Fernandez, berriz, lehen idazkari nagusia. Orain, biek agiri bat sinatu dute Iñigo Urkulluri Berdintasun Institutua Lehendakaritzara lotuta mantentzeko erabakia berrikusteko eskatuz.

Idazkiak hasieran dionez, “inoiz gerta ezin zitekeen zerbait gertatu da 1988an Emakunde abian jartzeko zuzendaritzako arduradun izendatu gintuztenetik, Lehendakaritzari atxikitako erakunde autonomo bat izatea zen haren nortasun-ezaugarria".

Gogorarazi dutenez, Emakunde “gure herrialdeko emakumeen borrokaren emaitza instituzionala” litzateke, “gure historiaren parte". Haien ustez, "aitzindariak” izan ziren, eta horregatik, Emakundek eta EAEk politika feministetan beti izan dena izaten jarraitu behar dutela diote: “Erreferente bat”.

Txaro Arteagak eta Itziar Fernándezek Lehendakaritzak hartutako erabakia deitoratu dute: "Harritzen gaitu demokrazia pertsonen bizitzan eragiten duten faktore sozial, kultural eta ekonomikoen aniztasunari atxikitako konplexutasun guztia barne hartzen duten herrialde-politiketatik soilik eraiki daitekeen garai honetan Emakunde bezalako erakunde bat herrialdearen helburuak proiektatzen diren toki instituzionalean inskribatuta ez egoteak".

Etorkizuna

Bien ustez, "etorkizun zalantzagarria” da datorrena. Inguruabar horretan, “lankidetzak, elkartasunak eta pertsonen bizitza erdigunean jartzen duten politika sortzaileek datozen belaunaldientzako gizarte bidezkoago baten oinarriak ezartzea” ahalbidetuko dutela espero dute.

Honako ondorioak ateratzen dituzte idazkian: "Horregatik, eta Emakunde herria sortzeko ezinbesteko tresna instituzionala dela uste dugunok asko garelako, lehendakariari eskatzen diogu bere erabakia berriz azter dezala eta Emakunde Lehendakaritzan egon dadila berriro".

Euskal Herriko Koordinadora Feministaren babesa

Adierazpenok bere egin dituzte Euskal Herriko Koordinadora Feministako kideek ere. Erabaki hori “urteetan zehar berdintasun politika publikoen inguruan landutako eta eraikitako adostasunen aurka” doala salatu dute, eta ez hori bakarrik, “berdintasun politika publiko duinen aurkako erabakitzat” ere jo dute. “Oso mingarria da praktika feministetan aritzen garenontzat”, azaldu dute. Hori horrela, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte diren 34 talde eta eragilek salaketa publikoa aurkeztu dute Lehendakaritzaren erabakiaren aurka, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote ahal bezain laster zuzen dezan bere "hanka sartzea".

Emakunde Lehendakaritzan. Berdintasun politika publiko duin batzuen alde idazkiarekin oraindik bat egin ez dutenek posible dute hala egitea honako eposta helbidera idatzita: zaintzakerdigunera@gmail.com.