argia.eus
INPRIMATU
Emakumezkoen Eurokopa 2022ra atzeratu dute
  • COVID-19ren krisia dela-eta, emakumezkoen Eurokopa 2022ko uztailaren 6tik 31ra bitartean jokatuko da, eta ez 2021eko udan, aurreikusita zegoen moduan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko apirilaren 25a

Gizonezkoen Eurokopa 2021era atzeratzea erabaki eta hilabetera eman ditu UEFAk emakumezkoen txapelketari buruzko argibideak. Europako Futbol Federazioak nabarmendu du 2022ko egun horietan Ingalaterran jokatuko den Eurokopa izango dela kirol munduko interes-gune nagusia.

Aleksander Ceferin UEFAko presidentearen hitzetan, aukera guztiak aztertu ostean, emakumezko futbola hazten laguntzeko konpromisoari eutsi nahi izan diote 2022ra atzeratuta. "Udan egingo den futbol txapelketa handi bakarra izango da; merezi duen protagonismoa emango diogu". 2021ean gizonezkoen Eurokopa eta Olinpiar Jokoak egingo direnez, logikoa dirudi erabakiak, erakusten duen arren gizonezkoen menpe daudela oraindik hein batean.

Datu batzuk ematearren: Frantzian jokatutako 2019ko Munduko Kopan, estadioak %74 baino zertxobait gehiago bete ziren, eta txapelketa 1.000 milioi lagunek ikusi zuten telebistaz, emakumezko futbola sortzen ari den interes geroz eta handiagoaren erakusgarri.