argia.eus
INPRIMATU
Emakumezkoek egindako rap eta hip-hopa ikusgarri bihurtuko ditu aurtengo Bazter Fest jaialdiak
  • Bilborock aretoan ospatuko da abenduaren 17an 20:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 15

Bazter Fest programaren bigarren edizioa izango da aurtengoa. Eskina Femenina kolektiboak eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatu du, eta emakumeek egindako hip-hop eta rap-a izango ditu protagonista.

Helburua bikoitza dela adierazi dute antolatzaileek. Alde batetik, Ibaiondo barrutiko gizarte eta kultur ekitaldiak ezagutaraztea, eta bestetik, emakumeek hip-hop eta rap kulturan egin duten lana sustatu eta zabaltzea. Izan ere, musika alor horretan gizonak nagusi direla azaldu dute, eta beharrezkoa dela emakume sortzaileen lana azalaraztea.

Raquel Koroma dantzariak irekiko du jaialdia, partaidetza libreko dance hall masterclass batekin. Ondoren arituko dira Marga Mbande kontzertu akustikoan eta Woyza MC urrian argitaratutako disko berria aurkezten. Amaitzeko, Sorkun, Berta Bitter Sweet, Fani, Mai Beloki, Furia taldea, Aneguria eta La Basu izango dira, besteak beste, gaua girotzen, DJ Txankletarekin batera.