argia.eus
INPRIMATU
Emakumezko esku pilotari profesionalen lehen kluba sortu dute
  • “Ados Pilota” emakumezko eskuzko pilotari profesionalen lehen kluba aurkeztu dute Leitzan. Lan baldintzak hobetzea eta txapelketa gehiago jokatzea dituzte helburu. Lehen txapelketa antolatu dute Ekainaren 4rako. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 25
Argazkia: Berria

Astelehenean aurkeztu dute eskuzko emakume pilotari profesionalen kluba: “Ados Pilota”. Maite Ruiz Larramendi pilotariaren ideiari tiraka eratu dute kluba eta pilotarien baldintzak hobetzeko asmoz sortu dute proiektua.

Baldintzak hobetzeaz gain txapelketa gehiago jokatu nahi dituzte. Lehenbizikoa antolatu dute jada: ekainaren 4an hasiko da, Leitzan. Abuztuaren 14an amaituko da eta Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan ez ezik, Bartzelonan ere jokatuko dituzte partidak.

Gainera, partidak aire librean jokatuko dituzte, emakumezkoen pilotaren “ikusgarritasuna” areagotzeko. “Pilotalekura doana propio doa, baina pasa daiteke asmorik ez duen horrek bidean topatu eta begira geratzea”, adierazi dute.

Kluba hamairu jokalarik osatzen dute: Andrea Aldaregia, Amaia Aldai, Eneritz Arrieta, Olatz Arrizabalaga, Ilantzu Etxebeste, Ainhoa Ruiz de Infante, Naroa Agirre, Gentzane Aldai, Naroa Elizalde, Oihana Orbegozo, Maite Ruiz de Larramendi, Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre. Entrenatzaile lanetan ordea, Juan Martinez de Irujo, Patxi Eugi, Fernando Goñi eta Unai Arrizabalaga pilotari ohiak izango dituzte.

Gizonezkoen kasuan esku pilota profesionala enpresa pribatuen esku dago baina emakume pilotari hauek klub bat osatzeko apustua egin dute: “Gure ustez, irtenbidea ez zen enpresa bat sortzea. Kluba osatu nahi genuen. Beste kiroletan horrela funtzionatzen dute, eta guk ere halaxe egin nahi dugu. Goi mailako kirolean lehiatzeko baliabide hobeak izango ditugu: entrenatzaile eta prestatzaile hobeak, lan baldintza hobeak... Eta horrek lagunduko du gure errendimendua hobea izan dadin. Asmoa ez da pilotaz bizitzea, guk gure lanak baititugu, baina bai baldintza hobeagoetan aritzea”.

Formazioa ere helburu

Profesionaltasuna lortzeko helburuaz gain, formazio alorrean ere arituko direla adierazi dute. 12-13 urte bitarteko neskei entrenamenduetan lagundu nahi diete. Izan ere, adin horretan askok pilota utzi behar izaten dute mutilekin lehiatzeko zailtasunak dituztelako eta emakumezkoen txapelketatan jarraikortasunik ez dagoelako.