Emakumeek zineman ikusgaitasun nahikorik ez duten arren, izan badirela gogoratu dute Donostiako Zinemaldian, duten lekua aldarrikatuz, “emakumerik gabe ez baitago zinemarik”. Elkarrekin indartsuagoak direla-eta, elkarte berri bat ere aurkeztu dute: MIA Animazio Industriako lehen emakume elkartea.
Donostiako Tabakaleran elkartu dira bai MIA elkarte sortu berria, bai (H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea. 2016an EAEn sortu zen (H)emen, emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko, lan-harremanak eta aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desoreka murrizteko. 250 profesionalek osatzen dute elkartea eta dagozkien espazioak irabaztea dute helburu: “Kulturaren Euskal Behatokiak 2016an egindako ikerketaren arabera, ikus-entzunezko ikasketak egiten dituzten pertsonen % 55 emakumeak dira, baina euskal ekoizpenetako lantaldeetan %35 baino ez dira emakumeak”.
Erakusleihoa
Donostiako Zinemaldia erakusleiho interesgarria da sektoreko profesionalentzat. Bertan eskainiko dituzten lanetan parte hartu duten emakumeen presentzia nabarmendu nahi izan du (H)emen elkarteak. Beheko irudian, horietako batzuk.