argia.eus
INPRIMATU
Emakumerik ez Kode Penalean sexu delituak nola jasotzen diren aztertuko duen batzordean
  • Espainiako Gobernuko bozeramaile Iñigo Méndez de Vigo-k Kode Penalean sexu delituak egoki tipifikatuta dauden aztertuko zela jakinarazi zuen sententzia publiko egin zen egunaren biharamunean. Azterketa burutuko dutenen artean, baina, ez da emakumerik ageri.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 04a

“La Manada” kasuaren gainean Nafarroako Auzitegi Probintzialak emandako sententziak jendartean eragindako haserreak piztu duen polemikak egindako presioagatik, eta Rafael Catalá Justizia ministroak hala eskatu duelako hartu da bozeramaileak jakitera emandako erabakia.

Sanferminetako bortxaketaren kasuaren gainean sententziaren arabera bortxaketarik ez zen existitzen salatutako gertakarian, eta sexu delitu ordez sexu abusutzat jo zuten kasua zeramaten epaileek. Ebazpenak kalean sortutako harrabotsak izan du oihartzunik instituzioetan ere, Espainiako Justizia Ministerioak Kode Penalean sexu delituak nola jasotzen diren behatzea eskatu duen era berean, Europako Parlamentuan ere bortxaketa delituaren gainean Kode Penalak daukan definizioa berrikusteko beharra azpimarratu baitzen asteazkenean.

Justizia ministroak Kode Penalaren azterketa egiteko ardura Justizia Ministerioaren aholkularitza organo laguntzailea den Kodifikazio Batzorde Orokorrari luzatu dio, zeinak ez duen emakumerik bere baitan. 20 gizonezko arituko dira Kode Penalean sexu delituak nola jasotzen diren aztertzen, emakumezkorik gabe tartean.  

Kodifikazio Batzorde Orokorra sailka funtzionatzen duen organoa da, zuzenbidearen eremuari dagozkion bost sail ezberdintzen direlarik honen baitan: zibila, merkataritzakoa, publikoa, penala eta prozesala. Organoak sailka jarduten duela azaldu du batzordeak, bakoitza eskumena daukan gaiez arduratu ohi delarik. Logika horri jarraiki, Kode Penalaren gaineko azterketa bere baitan emakumerik ez daukan Zuzenbide Penaleko sailaren ardura litzateke, Justizia ministroak izendatutako 20 gizonezkok osatzen dutena.

Kode Penalak sexu delituak nola jasotzen dituen aztertzeko erabaki honen bueltan deigarriak diren pare bat kontu badaude. Lehena, azterketa egitearen ardura eman zaion organismoak faltan duela parekotasuna bermatuko lukeen artikuluren bat. Eta bigarrena, deigarriagoa dena, “La Manada” kasuaren gainean hartutako erabaki judizialean errakuntzarik egotekotan, honek epaileen jardunarekin ordez marko juridikoarekin zerikusia izango lukelako ageriko ustea.