Haizea Nuñez Donostiako Mugimendu Feministako kidea da, eta buru-belarri dabil martxoaren 8ko grebaren antolakuntzan. Ohiko lanuzteetatik harago, sistemari planto egin eta mundua geratu nahi da M8an. Nuñezek egunari buruzko nondik norakoak azaldu ditu hurrengo lerroetan.
Zergatik egin greba martxoaren 8an?
Greba egiteko lau arrazoi nagusi daude:
Hasteko, eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, gure lanak ikusezinak direlako eta ez direlako ordaintzen. Emakumeok lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egiten ditugu, prekarietateak guri eragiten digu gehiago: langile asko —etxeko langileak, autonomoak, nekazariak— ez daude erregimen orokorrean, amatasuna aipatzen da, baina zigortzen da.
Bestetik, indarkeria matxista. Emakume guztiak ez daude gurekin, ez da baliabide nahikorik jartzen indarkeria honi aurre egiteko. Jazarpena eta sexu erasoak pairatzen ditugu esparru intimoan, ez bakarrik gauez eta jaietan. Eta neskok txikitatik beldurrez hezten gaituzte, gure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala.
Arrazakeriak ere hiltzen eta baztertzen gaitu. Emakume askok pairatzen du egunero, Europako mugen eta migrazio politika hiltzaileen ondorioz. Migrazio legeak guztiz babesgabe uzten ditu emakume etorkinak eta errefuxiatuak.
Azkenik, kultura patriarkalak kontsumorako objektu bihurtzen gaitu. Zenbait lekuetan ikusezinak gara, nahiz eta bertan egon. Emakume oso gutxi dira liburuetan agertzen direnak. Genero estereotipoak ikusten dira hedabideetan, sare sozialetan, publizitatean. Gure gorputzen gain erabakitzeko eskubiderik ez daukagula ematen du, eta estatua eta hierarkiak gure gain daudela.
Nork egingo du greba?
Greba emakumeok egingo dugu. Emakumeok esaten dugunean zentzu zabalean esaten dugu, horregatik jarri dugu asterisko bat emakume hitzaren ondoan. Honekin esan nahi duguna da subjektu politiko bezala errekonozitzen dugula gure burua hitz horretan, eta emakumeak gorputz, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzekoak garela. Hau da, bagara bollerak, transak, etorkinak, jubilatuak… zentzu zabalean.
Nolakoa izango da M8ko dinamika?
Greba honek ez du izango greba klasikoen dinamika bera. Lau zutabe ditu, eta modu asko grebarekin bat egiteko: alde batetik, greba klasikoen modura, lanuztea egingo da enplegu eta ikasketa arloan. Bestalde, kontsumo greba ere izango da, batez ere enpresa handietan eta objektu bihurtzen gaituzten komertzio horietan. Eta beste bat da ez zaintzea. Emakumeok egunerokoan egiten ditugun lan horien aurrean planto egitea lortu behar dugu, eta ez uztea beste emakume baten esku.
Horrez gain, grebarekin bat egiteko beste modu asko dago: mantala eskegitzea balkoietan zaintza lanak bistarazteko, 12:00etan eta 20:00etan egingo diren ekimen nagusietan parte hartuz, deialdiak eta egiten diren ekintzak zabalduz, besoko morea jantziz…
Arazorik aurreikusten duzue?
Nori utziko diot zaintza lana? Dagoeneko sortzen ari den galdera da. Sortuko dira ziur aski greba klasiko batean sortzen diren arazoak, eremu produktiboan. Baina eremu erreproduktiboan ere sortu nahi ditugu hutsune horiek, pentsatzeko zeintzuk diren oinarrizko lan horiek egiten dituztenak.
Martxoaren 8rako beroketarekin hasi zarete
Datorren larunbatean irakurketa ibiltaria egingo dugu. Emakumeen langileen borrokak izango dira hizpide. San Martin merkatuan hasiko gara, eta Kaxilda liburutegian bukatu. Zortzi lekutan geratuko gara nazioarteko emakume langileen borrokak gogoratzeko.
Igandean, Lilatoia dela eta, ekintza berezi bat egingo dugu eta hiria gure aldarrikapenez bete. Saiatuko gara ateratzen diren emakume guztiak gure pegatinarekin atera daitezela.
Ostiralean prentsaurrekoa egingo dugu Donostiako Emakumeen Etxean martxoaren 8an zer egingo dugun azaltzeko.
Martxoaren 8ari begira, ekintza nagusia 12:00etan Bulebardean izango da. Performance bat egingo dute hainbat emakumek Konstituzio Plazan. Goizean bizikleta martxa desobediente bat egingo da, eta arratsaldean, zutabeka egingo dugun manifestazioa. Amaiera ekitaldi bat prestatzen ari gara, greba eguna denok elkarrekin ospatzeko.
Zalantzan dauden emakume horiei zer esango zenieke?
Guk ez badugu egiten inork ez du egingo; mugitzen bagara gauzak aldatzea lortuko dugu. Grebak zaratatsuak dira, ezin dira egin inor molestatu gabe. Emakumeok hezi gaituzte esanez isilak izan behar garela, beti baimena eta barkamena eskatu behar dugula. Horrekin planto egingo dugu, eta zaratatsuak eta zirikatzaileak izango gara.
Emakumeak* ez direnek, nola har dezakete parte M8an?
Modu askotara. Guraso badira, euren seme-alabak zainduz. Ez badira, lagunenak, edo lagunen amonak zainduz. Lankide badira, babestu euren lankideen greba. Deialdia egin, kartelak jarri. Emakumeek arazorik badute fabrikan greba egiteko salatu, erresistentzia kutxak antolatu eta mugimendu feministari eman grebaren gastuak ordaintzeko. Irakasleak badira euren ikasleen greba babestu: ez pasatu lista, adibidez. Bestalde, ez kontsumitu, batez ere supermerkatu handietan.
Arratsaldeko mobilizazioak mistoak dira eta badaukate beraien lekua, parte hartu dezakete zuzentzeko asmorik gabe. Eta ez bakarrik martxoaren 8an, beste egunetan ere hau dena egin dezakete.