Emakumeentzako edariari buruz


2024ko apirilaren 15an - 07:27
"emakumeak edaten". Argazkia: J. Paul Getty

Duela urte batzuk, Baginen liburua prestatzen ari nintzela, Gasteizko Teresa Furundarena ezagutu nuen, XVIII. mendeko emakume interesgarri bat. Ondorengo testu hau eskaini nion (Txalaparta, 2020):

"XVIII. mendeko arratsalde batean, 1756ko batean, zehazki, Gasteizko Kale Berrira joan izan bagina misteleria bat topatuko genukeen. Hau da, dendatxo bat, kale estu batean, mistelak saltzen zituena. Egun hartan, ohitura zenez, ezkaratzean emakume batzuk elkartu ziren. Teresa Furundarena, etxeko alaba eta dendaren arduraduna, Maria Ignacia Ortiz de Zarate, Antonio Landaloia arotzaren emaztea, Teresa Ariestaran, Severino Gomez tabako-zergen arduradunaren emaztea, eta Catalina Guilerna, Mateo Guillernaren bederatzi alabetan zaharrena. Beste emakume gazte batzuk ere baziren, baina lau emakumezko hauen izenak bakarrik ezagutzen ditugu. Kartetan zebiltzan. Ikasle batzuk ere gerturatu ziren mistela erostera eta emakumeokin hitz egitera. Hau guztia Madrilgo Artxibo Nazionalean dagoen dokumentu batean agertzen da, eta Paloma Manzanos Arenalen eskutik ezagutzen dugu.

Teresa Furundarena, Joseph Furundarena txokolategilearen alaba zen. Salmahaiaren atzean Gasteizko emakumeen bizitza ikusten zuen pasatzen. Hau zen, dudarik gabe, beraien txoko propioa, harremanak josten zituzten lekua. Maria Ignacia, aldameneko auzoa, maiz joaten zen Teresaren misteleriara, bere bularreko umearekin. Ume txikien zaintza nahiko aspergarria izaten da, behar izaten dugu konpainia pixka bat. Teresa Aiestaranek, berriz, alabak koskortuta zeuzkan; hala ere, arratsaldeko bostetan misteleriara hurbiltzen zen, penak partekatzea atsegin zuen eta; ez baitzeuden bakarrik.

Nahiz eta normalean pentsatzen dugun garai honetako emakumeak soilik garbitokietan eta iturri inguruetan elkartzen zirela, dokumentu honek gure begirada zabaltzen laguntzen digu, eta erakusten dizkigu emakume batzuk ezer berezirik egin gabe, aisialdi hutsean, kartetan, gizon gazteekin txantxetan… Badakigu aberatsen etxeetan emakume batzuek tertuliak prestatzen zituztela. Orain, konturatzen gara emakume langileek, tertulia informaletan, bizitza eta bizitzako kontuak, penak eta jolasak konpartitzen zituztela, Gasteizko Kale Berrian, ardo goxoa edaten zuten bitartean".

"Ez gara egon beti nekatuta, zainketa lanetan, lanean; guk ere izan ditugu gizarteratzeko momentuak, gure lagunekin, giro lasai eta alai batean partekatzeko uneak"

Gasteizko Kale Berrian utzi genituen, beraz, Teresa eta lagunak ardo goxoa edaten. Baina, dena ezin eta, bada argitaratu gabe geratu zen istoriotxoaren adar bitxirik ere, noski; zuekin konpartitu nahi nuke horietako bat orain. Kontua da, datu guztien arabera, ez zela bitxikeria emakumeak mistelaren inguruan aurkitzea, mistela eta, orokorrean ardo gozoak, emakumeei zegokien ardotzat hartzen zirelako. Gai honi lotuta, baditut datu xume batzuk. Adibidez, Xabier Muniberen Mozkor barregarria (1764) operan, bertso hauek adituko ditugu:

Ezta, ez, ere andrerik

edate eztudenik,

naiz nafar, naiz klaret

ta naiz Endaiakotik.

Hau da, ardo nafar gorria eta klaretea ondo ezagutzen ditugu… baina zein edari mota zen Hendaiako hura? Bada, seguru asko, zenbait itzultzailek interpretatu duenez, mistela, hain zuzen ere. Gehiago ere bai: Baginen liburuaren aurkezpenak egiten ari ginela, gasteiztar lagun batek Armentiako bere amonak mistela edaten zuela azaldu zidan, “andereñoaren whiskia” esaten omen zion.

Eta, orain, puntu honetara iritsi garela-eta, jakin-min handia daukat, eta mistela eta emakumeen edariari buruz gehiago jakin nahiko nuke, iruditzen zaidalako, ez bakarrik anekdota atsegin bat, baita emakumeak historiaren kontakizunean beste leku batean kokatzeko aukera polita ere. Hau da, ez gara egon beti nekatuta, zainketa lanetan, lanean; guk ere izan ditugu gizarteratzeko momentuak, gure lagunekin, giro lasai eta alai batean partekatzeko uneak.

Hori dela eta, zuen laguntza eskatu nahi nuke, gasteiztar izan ala ez. Euskal herrietako jendeok, ezagutzen al duzue istorioaren bat, zuen sendian, zuen herrian, lagun bati entzuna, besterik ez bada ere... emakumeak eta mistela (edo ardo gozoa orokorrean) lotzen dituena? Edo, bestela esanda, badakizue ezer emakumeen edari ohiturei buruz? Mila esker!!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Eguneraketa berriak daude