AEBetako Gobernuak medikamentu berria onartu du emakumeen “desio sexuala” handitzeko. “Viagra femenino” izendatu duten produktua antidepresibo bat da, eta adituek salatu dute ez duela gizonentzako viagrarekin inolako zerikusirik.
Psikiatrek ohartarazi dute depresioaren aurka erabili izan den sendagaia dela “viagra femeninotzat” saltzen ari direna, eta duela urte asko erabiltzeari utzi zitzaiola sortzen zituen albo-ondorioak zirela eta. Horien artean hipotentsioa, zorabioak edota goragalea aipatu dituzte adituek.
Addyi izeneko pilula Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Agentziak (FDA) bitan baztertu zuen lehenago. Menopausiaren ondorioz emakumeek pairatu dezaketen “desio sexual hipoaktiboaren nahasmendua” deitutako gaitzari aurre egiteko planteatu dute sendagaia. Buruko Nahasteen Diagnostiko eta Estatistikarako Eskuliburuak (ingelesez DSM) jaso du gaitz hau, baina hainbat adituk asmatutako ondoeza dela salatu dute, korporazio farmazeutiko handien interesetarako sortua.
Psikologia Klinikoan aditu den Vicky Sanchez psikologoak bat egiten du aditu askoren iritziarekin: ezin da pilula hau erabili modu orokorrean desio sexualean “arazoak” dituzten emakumeekin, arazo hauek oinarri psikosoziala izaten dutelako gehienetan: “Kontuz ibili behar da, prozesu naturalak medikalizatzeko ohitura handia baitago. Farmakoren bat errezetatzea beharrezkoa den kasuetan oso adi ibili beharra daukagu adituok, interes ekonomiko handiak baitaude atzean”.
Adituek adierazi dute “viagra femenino” deitutakoak ez duela zerikusirik maskulinoarekin. Gizonentzako pilulak erekziora iristen laguntzen die, testosteronan gorabeherak tratatuz. Ordea, “viagra arrosa” desio sexuala handitzean zentratzen da, lehenago ez gizonentzat eta ez emakumeentzat inongo medikamentuk egiten ez zuena.
Flibasterina izeneko konposatu aktiboa du botikak, eta antidepresiboen antzeko mekanismoa erabiliz garuneko sustantzia kimikoetan eragiten du, aldartean eta apetituan zehazki. Gizonezkoen viagra ez bezala, egunero hartu behar dute emakumeek pilula hau.