argia.eus
INPRIMATU
Emakumeenganako indarkeriari beldur barik aurre egiten
  • Azaroak 25 Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. EAEn, adibidez, Ertzaintzak 4.765 emakume babesten ditu. Indarkeriari aurre egiteko, berau identifikatzen jakin behar da, eta horretarako sortu zen Beldur Barik programa. Egitasmoan parte hartutako gazteek azaroaren 29an izango dute festa.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 25
Indarkeria sexistaren eguna aitzakia hartuta, Astigarragan lepoko erraldoia osatu dute munduko emakume taldeei esker. Argazkia: Ainhoa Urruzola.

EAEko datu batzuk baino ez dira: Ertzaintzak 4.765 emakume babesten ditu. Horietatik 1.103k Bortxa izeneko telefonoa daukate, edozein larrialditan deitu ahal izateko. Beste 34 emakumek bizkartzaina dute. 31 erasotzailek eskumuturreko elektronikoa eraman beharra dute urruntze agindua betetzen ari direla bermatzeko.

Bistan da hala babestuta dauden emakumeek salaketa jarria dutela, eta beraz, indarkeria sexista jasan dutela kontziente direla. Sarri kosta egiten da norbera konbentzitzea indarkeria pairatzen ari dela. Alde horretatik pozik da Beldur Barik 2014 egitasmoa abian duen Emakunde. Indarkeria sexistaren inguruko ikus-entzunezkoak egiten dituzte gazteek eta antolatzaileek diotenez, gero eta ikus-entzunezko gehiago dira indarkerian baino berau indartzen duten desberdintasun egoeratan zentratzen direnak, alegia, gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituzte indarkeria sexista eragiten duten faktoreak.

Azaroaren 29an Beldur Barik egitasmoan parte hartu duten gazteak Zumarragan eta Urretxun elkartuko dira festa giroan. Ekitaldi nagusia ikus-entzunezkoen lehiaketako sari banaketa izango da. 224 lan aurkeztu dituzte 12 eta 26 urte arteko gazteek. 12-17 eta 18-26 urte arteko maila bakoitzean bi sari banatuko dira. Hirugarren saria internet bidez egindako bozketaz emango da. Laugarren saria berriz, ekoizpen onenari emango zaio eta ikus-entzunezko jaialdietan hedatuko da.

Azaroaren 29an elkartuko dira gazteak Gipuzkoako Urola Garaian. Azaroaren 25ean berriz, adin guztietako herritarrek bat egingo dute indarkeria sexistaren kontra hainbat hiritan: Baionan, 18:30ean, herriko etxean; Bilbon, 19:30ean, Arriagan; Donostian, 19:30ean, Bulebarren; Gasteizen, 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, 20:00etan, Gazteluko plazan.