argia.eus
INPRIMATU
Emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko ekintza-plana onartu du Nafarroako Gobernuak
  • Foru gobernuak 22,5 milioi euro bideratuko ditu emakumeenganako indarkeriaren kontrako planari aurre egiteko. Dokumentuak prozesu ireki batean jasotako 194 ekarpen hartu ditu kontutan.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 24a
(Arg: EITB)

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko ekintza-plana onartu du Nafarroako Gobernuak azaroaren 23an. Guztira 80 neurri biltzen ditu dokumentuak, 2016-2021 urteen bitartean garatuko direnak.

Lau helburu ditu planak: Nafarroako Gobernuaren jarduera antolatzea genero-indarkeriak kaltetutako emakumeak artatzeko arloan; tratu txarrak jasan dituzten emakumeen eta haien familien segurtasun nahiz babes integrala hobetzea; esparru horretan diharduten profesionalen trebakuntza hobetzea; eta politika publikoetan genero berdintasuna finkatzea.

Apirilaren 10ean onartutako 14/2015 Foru Legean oinarritzen da ekintza-plana. Osatu ahal izateko bi prozesu jarraitu dira: bata langile tekniko eta profesionalen artean, eta bestea publikoa. Bigarren horretan, proposamenak egiteko prozesu irekia zabaldu zen apirila eta maiatza bitartean. 114 pertsonak hartu zuten parte, guztira 198 ekarpen egin zituzten, eta horietatik %96 hartu dira kontutan.