argia.eus
INPRIMATU
Emakumeenganako diskriminazio sexista %18,5 igo da azken bi urteetan
  • Honakoa dio Arartekoak argitaratu duen ikerlanak. Jarrera matxisten inguruko azterketak Euskadiko nerabe eta gazteetan jarri du fokua. Diskriminazio gehien gertatzen diren espazioak kalea eta sare sozialak dira.

     

     

Leire Ibar 2024ko urriaren 02a
Emakume bat gauean oinez Artxiboko irudia: Pexels

Azterlanak adierazitakoaren arabera, azken hamarkadetan aurrerapausoak izan badira ere, berdintasun erreala lortzeko zailtasunek eguneroko errealitate izaten jarraitzen dute. Horren erakusle dira, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko gazteen iritziak jaso ostean ondorioztatutako emaitzak

Diskriminazio sexista gehien gertatzen den espazioa kalea da, espazio publikoan. Testuinguru horretan, diskriminazio sexistaren egoerak gora egin du %18,5an azken bi urteetan emakume gazteen artean. Portzentaia apalagoa da gizon gazteen kasuan, %2,6 jaitsi da.

Kalean ez ezik, sare sozialetan ere ohikoak dira generoagatiko diskriminazio-egoerak. Horiekiko ardura nabarmen hazi da azken urteotan, hau ere emakume gazteen artean. 2019an % 20,7k adierazi zuten generoagatik diskriminatuta sentitu zirela eremu horretan; 2021ean, berriz, ehunekoa % 28,8ra igo zen. 

Ingurune birtualean, diskriminazioa sustatzen duten espazio gisa identifikatzen dituzte pornografia eta bideojoak. Ikerketan azaltzen denaren arabera, plataforma digitalek matxismo eta diskriminazio sexisten kasuak betierekotzen dituzte rol eta estereotipo sexistak sortzen dituztelako. Adinean aurrera egin ahala, gazteak kontzienteago dira emakumeekiko diskriminazioaz pornografian eta sexu-indarkeria eta bortxaketaren kultura sustatzeko orduan duten eginkizunaz. Hala ere, sexuaren arabera alde handiak daude pornografiako indarkeriaren pertzepzioan. Emakumeek gizonek baino irmoago diote eduki horiek sexu-indarkeria sustatzen dutela. Hala, erdiek baino gehiagok uste du pornoan emakumeak diskriminatzen direla; berriz, gizon gazteen % 32,4k uste du hori. 

Ohikoa da gazteek eguneroko bizitzan sexismoa edo generoagatiko diskriminazioa eragiten duten egoerak bizitzea, baina sarritan zaildu egiten da horiek identifikatzea. Azterlanean adierazten denaren arabera, kasu askotan erlatibizatu edo minimizatu egiten dira egorak. Sozializazio-prozesuan barneratu dituzten erreferentzia kulturalak direlako sarritan.

Hala ere, EAEn bizi diren gazte zein biztanle gehienek uste dute emakumeen aurkako indarkeria matxista onartezina dela. Biztanleria osoaren %83ak uste du indarkeria mota hori legez zigortu behar dela kasu guztietan.