Martxoaren 6an egingo du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak V. Nazioarteko Ekintzaren amaiera ekitaldia, Irun eta Hendaia artean. Azaldu dutenez, "planteamenduan hainbat aldaketa egin ondoren, mugen eta transnazionalen kontrako mobilizazioa deitzea" erabaki dute. Alarma-egoeraren segurtasun neurriak beteko dituztela nabarmendu dute eta joateko asmoa dutenei aurrez izena emateko eskatu diete eta autobaimenerako inprimakia bidaliko diete.
V. Nazioarteko Ekintzaren itxiera ekitaldia martxoaren 6an egingo du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Mugen eta transnazionalen aurkako manifestazioa Hendaiako Herriko plazatik hasiko dute 11.00etan eta 11.30etan Irun eta Hendaia arteko Santiago Zubira iristea espero dute. Bertatik, ibilbidea jarraituko dute Irunen zehar, Avenida Zubian amaitzeko berriz, 13.30 aldera.
Segurtasun-neurriak beteko dituzte, 2 metroko distantziari eutsiz eta musukoa erabiliz. Manifestazioan parte hartzeko asmoa dutenei formulario hau betetzea eskatu diete, "aforoa eta logistika kontuak kontrolatzeko asmoz". Martxoaren 4 arte egongo da zabalik izena emateko epea: "Behin epea pasata, eta antolakuntzatik kontrakorik adierazi ezean, itxierarako hartutako erabaki hau errespetatzea eskatu nahi dizuegu".