argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen Martxa AEBn: aurten ere emakumeak kalera atera dira matxismoari planto egitera
  • Lehengo urtean egin zuten bezala, aurten ere milaka emakumek manifestazioak antolatu dituzte AEBtako hiriburu garrantzitsuenetan, indarkeria matxistaz nazkatuta daudela esan eta Donald Trumpen politikak arbuiatzeko. 2018an egingo diren legegintza hauteskundeei begira, emakumeek politikan hitza hartzeko martxa mugarria izatea nahi dute antolatzaileek.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 22a
Irudia: @ScilaUCM

Aldarrikapenez bete dira, besteak beste, Los Angeleseko, Washingtoneko eta New Yorkeko kaleak larunbatean Emakumeen Martxaren bigarren aldian. Indarkeria matxistarekin amaitzeko pankartek, etorkinen eskubideak bermatzeko oihuek eta erabaki politikotan genero berdintasuna ezartzearen aldarriek hiriburuetako bazterrak bete dituzte. Sare sozialetan #WomensMarch2018 traolan ikus daiteke manifestazioek izan zuten arrakasta.

Trumpek karguan urtebete bete izana ere protestarako arrazoietako bat bilakatu da hainbat herritarrentzat. Edozein izanik ere kalera ateratzeko arrazoia, nazioartean ere jarraipen handia izan du martxak. Londresen, Madrilen edo Berlinen ere elkarretaratzeak izan dira emakumeen eskubideak bermatu daitezen aldarrikatzeko.

Eemakumeen aurkako sexu erasoak salatzen dituen mundu mailako #MeToo kanpainak ere indartu egin du aurtengo Emakumeen Martxan. Zinearen industrian hainbat pertsonai ospetsuk izan duten inpunitatea eta beste hainbatek salatutako sexu erasoek mahai gainean jarri dute matxismoaren auzia AEBetako hedabideetan.

Martxak erakutsitako indarra errepublikarrei kongresuko gehiengoa kentzeko erabili nahi dute antolatzaileek. Emakumeek politikan eta arlo publikoan ikusgarritasuna izan dezaten egiten ari diren kanpainek geroz eta babes handiagoa dutela nabarmendu dute. Emily´s List kanpaina horietan lanean ari den taldeetako bat da. Hauteskunde orokorrak izan zirenetik, 25.000 emakume inguru joan dira eurengana politikan eta gai sozialetan aktiboki parte hartu nahi dutela esanez, El Pais-eko edizio amerikarrean irakurri daitekeenez. 2016an 920 emakumek soilik egin zuten eskaera bera.