argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen kontrako indarkeriagatik 1.783 salaketa jarri dituzte Hegoaldean urteko lehen hiruhilekoan
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 22a
(Irudia: menorcaaldia.com).

Igo egin da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan indarkeria matxistaren biktima kopurua 2016ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. 1.232 biktima erregistratu ziren EAEn 2016ko urtarriletik martxora, eta Nafarroan berriz, 364. 2017ko datuek diote EAEn 1.333 direla indarkeria jasan duten emakumeak, eta Nafarroan 444. %8,2 eta %22 igo da beraz, urte batetik bestera biktima kopurua EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.

Salaketak eta salaketa kentzeak

1.333 salaketa izan dira 2017ko lehen hiruhilekoan EAEn, iaz berriz 1.233. %8,1eko igoera nabari da. 149 dira aurten salaketa jarri ondoren kendu duten emakumeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 154 izan ziren iaz epe berdinean. Kasu honetan, beraz, biktima eta salaketa kopurua igo egin da, eta aldi berean %3,2 jaitsi da salaketen kentzea.

450 salaketa erregistratu dira 2017 hasieran Nafarroan, 2016an 364. %23,6ko igoera nabari da. 55 salaketa kendu dituzte aurten, eta data hauetan iragan urtean 47. Nafarroaren kasuan, beraz, igo egin dira salaketa eta biktima kopuruak, eta baita salaketen kentze kopuruak ere: %12,2 gehiago erretiratu dira.