argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen ikasketak eta jatorria: arrisku faktorea gogoz kontrako haurdunaldietan
  • Haurdunaldiaren borondatezko etendura tasak aztertu ditu UPV/EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak (OPIK). Yolanda González-Rábago ikertaldeko kideak adierazi duenez, “emakumeen jatorriak eta ikasketa mailak baldintzatu egiten du gogoz kontrako haurdunaldiak izatea”.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 31
Nerea Lanborena eta Yolanda González-Rábago, OPIK taldeko ikerlariak (Arg:OPIK)

2009-2013 bitarteko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) datuak erabili ditu OPIK taldeak azterlana egiteko. EAEn, eta abortuaren gaiari dagokionez, emakumeen jatorriak eta ikasketa mailak eragiten dituen aldeak aztertzea izan da ikerketaren helburua.

Emaitzetan alde nabarmenak ikus daitezke. EAEn jaiotako emakumeen abortu tasa 3,9koa da mila biztanleko. Sahara hegoaldeko afrikar emakumeena 45,6koa, hegoamerikar emakumeena 26,5ekoa, eta Erdialdeko Amerikatik zein Karibetik datozenena 22,9koa. González-Rábago kidearen iritziz, “haurdunaldi aurreko kultura faktoreak, sexu heziketa txikiagoak eta gizon-emakumeen arteko harreman desorekatuagoak eragin dezake emakume etorkinek gogoz kontrako haurdunaldiak sarriago edukitzea”.

Jatorriaz gain, ikasketa mailak ere aztertu ditu OPIK taldeak. Lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituzten emakumeen (bertan jaioak zein etorkinak) borondatezko abortuen tasa 17,7koa da milako. Bigarren mailako ikasketak dituzten emakumeena 6,2koa da, eta unibertsitate ikasketak dituztenen artean 3,9koa.

Ikasketa maila handia duten emakumeei dagokienez, alde handia dago EAEn jaio diren emakumeen eta etorkinen artean. Ikerlarien arabera, heziketa maila “gizarte hierarkiako posizioa zehazten duen faktorea” da EAEn jaio diren emakumeengan, baina ez etorkinengan. González-Rábagoren hitzetan: “Pentsatzen genuen ikasketa mailak neutralizatu egingo zuela etorkin izatearen efektua, baina ez dirudi hori babes faktore bat denik, eta ez du haurdunaldiaren borondatezko etendura arriskua murrizten. Horren arrazoia izan daiteke haien egoera sozioekonomikoa ez datorrela bat heziketa mailarekin; badira emakume etorkin oso kualifikatuak, baina lan sektore prekarioagoetan lan egiten dute”.

Ikerlarien ustez, informazioa hobetzea “ezinbestekoa” da gogoz kontrako haurdunaldiak eragozteko, baita emakume babesgabeenek EAEko osasun sistemak goiz abortatu ahal izateko dituzten bitartekoak ezagutzeko ere.