argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen foroa antolatu du Beterri Saretuzek eskualdeko enpresa eraldatzaileen artean
  • Beterri-Buruntza eskualdeko ekonomia eraldatzailearen sareak Esperientzia Trukeak egin ditu hainbat astez enpresa eta eragileen artean. Zikloa ixteko, emakumeen eskualdeko foroa antolatu dute asteazkenean Andoainen. Ekainaren 16an, bestetik, ekitaldi irekia izango da Astigarragan, ikasturtea amaitzeko.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 31
Esperientzia Trukeen saio bat Hernanin (argazkia: Beterri Saretuz)

Esperientziak partekatu, beharrak entzun eta aurrera begirako erronkak identifikatzea izango dute helburu Beterri Saretuzeko Emakumeen Lehen Foroan. Asteazkenean bilduko dira Beterri-Buruntza eskualdeko hainbat enpresa eta eragiletako kideak, Andoainen, Leitzarango Bisitarien Zentroan, 11:00etatik 13:00etara,

Emakumeen foroak Esperientzia Trukeen zikloa itxiko du. Hainbat gaien inguruan sakondu dute aste hauetan ekonomia eraldatzailean dabiltzan proiektu eta enpresek, esaterako nolako antolaketa ereduak dauden indarrean, bazkidetza prozesuek nola izan behar duten edo lanean inklusioaren gaia nola landu.

Asteazkeneko saioan Harago aholkularitza izango dute gonbidatu eta izena emateko epea zabalik dago oraindik, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Ekitaldi irekia ikasturtea amaitzeko

Hirugarren urtea da Beterri Saretuz ekimena martxan jarri dutela. Parte hartzean oinarrituriko ekonomia eraldatzailearen ekosistema bat sortzea dute helburu eta egituratze bidean dira. Ibilbide osoa bere webgunean ikus daiteke. Aurten ekintza plana abiatu dute, joan den otsailean Usurbilen egindako lehen jardunaldian, horren barruan sartzen dira Esperientzia Trukeak.

Ikasturtea amaitzeko jardunaldia egingo dute ekainaren 16an Astigarragako Kultur Etxe zaharrean –izena hemen eman daiteke–. Lehenik sareko kideak bilduko dira, urtearen balorazioa egin eta aurrera begira zer egin hausnartzeko. Horren ondoren, ekitaldi irekia antolatu dute 12:30ean eta eskualdeko erakunde eta eragile guztiak gonbidatu dituzte, mokadutxo baten bueltan "orain arte egindakoa elkarrekin ospatzeko".