argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen Etxea martxan jartzeko hitzarmena sinatu dute
  • Emakumeen Etxea proiektu inklusiboa, irekia eta askotarikoa izan behar dela adostu dute Udalak eta Emakumeen Etxea elkarteak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko maiatzaren 10
Etxanobe Jauregia, Emakumeen Etxea hartuko duen eraikina. Argazkia: Alea

Gorka Urtaran Gasteizko Alkateak eta Sorginenea-Gasteizko Emakumeen Etxea Elkarteko ordezkari Scarlett Salguerok gaur goizean sinatu dituzte Gasteizko Emakumeen Etxea proiektua kudeatzeko eta garatzeko lankidetza-hitzarmena, Etxanobe jauregiaren lagapena, 90.000 euroko ekarpena eta 2019. urte honetarako plan operatibo bat.

Hitzarmenaren barruan, Udalak Etxanobe jauregia proiektuaren esku lagako du, "ahalduntze feminista sustatzeko eta eraikinean Sorginenea proiektuari loturiko jarduerak egiteko". Hitzarmena urtero luzatu ahal izango da, hiru aldiz gehienez, bakoitzean hamabi hilabeterako. Hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzean, urteko plan operatibo bat ezarriko da, eta horretan finkatuko da zer eduki eta ekintza zehatz egingo diren, baita zer konpromiso tekniko zein ekonomiko hartzen dituen aldeetako bakoitzak. 

Proiektuan bertan definitzen den bezala, Emakumeen Etxea inklusiboa, irekia eta askotarikoa izango da, eta honako helburu hauek izango ditu: Gasteizko erreferente bihurtzea emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektibo guztientzat, sormena, hausnarketa eta, batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatzeko topagunea izatea, eta dibertsiorako toki goxoa eta ikasteko errespetu eta ekitate-esparrua izatea.

Albiste hau Arabako ALEA-k argitaratu du, eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.