argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen espetxe martxa feminista larunbatean Valladolidera
  • Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik aterako diren bost autobus bete ditu Bilgune Feministak, Villanublako kartzelara joan eta espetxearen "izaera patriarkala" salatzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko otsailaren 10

 

Gatazka politiko armatuaren konponbidean, "memoria, justizia, erreparazioan", alegia, "feminismotik eragitea" da Bilgune Feministaren helburuetako bat. Horregatik, espetxe martxa antolatu dute, Valladolidera joanen dira.

"Arrazoi ezberdinegatik erabaki dugu bertara joatea: alde batetik, bertan emakume preso politiko bakarra dagoelako (Naikari Otaegi, donostiarra). Guztira 12 dira espetxe ezberdinetan bakartuta dauzkaten emakume preso politikoak. Bestetik, espetxe horretako baldintzak, espazioaren antolaketari dagokionez, emakumeentzako bereziki kaxkarrak direlako. “Zulo” deitzen duten modulu txiki batean daude guztiak pilatuta eta patiora apenas sartzen da eguzkia. Azkenik, Euskal Herritik "hurbilago" (ez horren urrun, behintzat) egotea ere garrantzitsua zen guretzat. Azken finean, ekimen jendetsu eta parte hartzailea izatea nahi dugu, eta horregatik, egun berean joan eta itzultzeko martxa izango da", esan du Bilgune Feministak.

Kartzelaren izaera patriarkala salatzea

Askotariko helburuak markatu dituzte BF-ko kideek: "emakume presoek bizi dituzten zapalkuntza anitzak salatzea eta espetxeen izaera patriarkala jopuntuan jartzea; espetxeratzeak suposatzen dituen zaintza lanak, nagusiki emakumeon bizkar gainean egon direnak eta daudenak aitortzea; zigor-sistemaren inguruko gogoeta feminista bat bultzatzea; eta oro har, dispertsio politika salatzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitzea". Horrez gain, "bereziki emakume preso politiko guztiei elkartasuna eta babes osoa" adierazi nahi izan dizkiete.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra