argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen eskubide politikoen munduko mapa
  • Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, The Guardianek mapa interaktibo bat argitaratu du bere webgunean emakumeek politikaren arloan urtez urte eta lurraldez lurralde lortu dituzten eskubideak erakusteko. Botoa emateko eskubidearen, parlamentari bezala hautatua izateko eskubidearen eta hautatua izandako lehen emakumearen datak dituzte hizpide. Hona hemen datu orokor batzuk.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 08a

Hiru kasuetan, Estatu ezberdinek lortu dute eskubide bakoitza lehen aldiz. Orokorrean, afrikar estatu gehienetan beranduago lortu dituzte hiru eskubideak emakumeek. Ranking guztietan, ordea, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak ageri dira azkenak; hiru kasuetan gainera, oraindik eskubideok lortu gabe. Bitxia da, bestalde, Mendebaldeko Sahararen kasua: hiru eskubideen denbora-lerroan kolore grisez gelditu da, inolako informaziorik eman gabe.

Euskal Herriari dagokionez, Hego Euskal Herriak aurrea hartzen dio Iparrari. Lehenak 1931n, Espainiako II. Errepublika garaian, lortu zituen hiru eskubideak. Bigarrenak, aldiz, 1944ra arte itxaron behar izan zuen lehenengo bi eskubideak lortzeko; eta lehen emakume hautatua 1945ean izan zuten.

Botoa emateko eskubidea Zeelanda Berrian lortu zuten emakumeek lehen aldiz, 1892an. Gaur egun, Saudi Arabian eta Arabiar Emirerri Batuetan oraindik ez dute botoa emateko eskubidea lortu.

Emakumeek parlamentari hautatuak izateko eskubidea AEBetan lortu zuten lehenengo aldiz, 1894an.

Azkenik, lehen parlamentari emakumea aurkitzeko, denboran atzerago joan behar dugu: 1907 arte ez zuen lehen aldiz inork halakorik lortu. Finlandian izan zen hori. Kasu honetan, Asiako bi estatuez gain, Ipar Koreak ere ez du emakume parlamentaririk izan orain arte.