argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen* bizitza eta gorputzen "dardara bortitzei” helduko diete XVI. Feministaldian
  • Sismika leloa hautatu dute aurtengoan Plazandreok antolatzaileek, eta 30 artista, aktibista eta pentsalari baino gehiago egongo dira hitzaldi eta ekitaldietan.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 12a
Raisa Alava artistak sortu du aurtengo kartela. / Argazkia: Feministaldia.

“Feminismoa eraldatzailea da, eta hori ere sorkuntzatik egin daitekeela erakusten digu urtero Feministaldiak”. Halaxe mintzatu da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Feministaldiaren XVI. Edizioko aurkezpenean, Sismika leloari erreferentzia eginez. Beste urtebetez antolatu du jaialdia Plazandreok taldeak, oraingoan abendutik azarora aurreratuta; 16tik 20ra bitartean egingo dute Donostiako Tabakaleran. Helburua, ordea, ez da aldatu: kultura feministari lotutako ahotsen, sorkuntzen eta diskurtsoen elkargune izan nahi dute. Antolatzaileen esanetan, “emakumeen* bizitzek eta gorputzek jasaten dituzten dardara bortitzei” erreparatu nahi diete, eta “ezarritako ordena astintzera” datozela aldarrikatu dute.

Egitaraua osatzeko 30 artista, aktibista eta pentsalaritik gora gonbidatu dituzte, hainbat arlo eta diziplinaren ingurukoak. Besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak, performanceak eta kontzertuak ikus-entzuteko aukera izango da, eta bertatik bertara ez ezik, streaming bidez ere jarraitu ahalko dira emanaldiak. Tabakaleraren elkarlana izan dute, eta Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jaso dute.

Egitarau osoa webgunean jarri dute deskargatzeko eskuragarri, hemen.