argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen biografiekin elikatu dute Txikipedia ikasleek
  • Hemezortzi ikastolatako ikasleek hartu dute parte otsailean abiaturiko erronkan: 250 sarrera berri gehitu behar zituzten Txikipedian, batez ere emakumeen biografiak eta bereziki emakume zientzialarienak gai hartuta. Guztira 266 sarrera argitaratu dituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko apirilaren 26a

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak aritu dira proiektuan (12-14 urte inguruko ikasleak) eta guztira 150 emakume zientzialari baino gehiagoren biografiak zintzilikatu dituzte Txikipedian. Aktore, artista, musikari, legelari, kirolari eta beste diren emakumeen biografiak ere ez dira falta sarrera berrien artean, eta kopuru txikiagoan, baina bestelako edukiez ere idatzi dute gazteek.

Sarean euskara eta emakume gehiago egon dadin

“Nik, zuk, guk… 250 bai?” egitasmoaren helburuak garbi azaldu ditu Ikastolen Elkarteak: “Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu hemezortzi ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari”.

2018an jaio zen Txikipedia, eta Wikipediaren barruan Txikipedia paratu zuen munduko lehen hizkuntza izan zen gurea. 8-13 urte arteko haur-gazteentzat Wikipediako edukiak luzeegiak eta konplexuegiak izan daitezkeenez, milaka artikulu egokitu sortzeko asmoz sortu zen.

Erreportaje honetan azaldu genituen Txikipediaren nondik norakoak.