argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean jazotako hiru eraso matxista salatu dituzte Bilbon
  • Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean bertan gertatu dira hiru erasoak.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 27a
Santutxuko elkarretaratzea, Akelarre Talde Feministak deituta (Argazkia: Ecuador Etxea)

Azaroaren 25eko igande goizaldean jazo zen erasoetako bat, Atxuritik Santutxurako bidean. Erasotzailea emakumeari jarraika hasi eta piper gasa jaurti zion, eta ostean lurrera bota zuen. Erasotuak askatzea lortu eta salaketa jarri zuen, eta ostean ospitalera bideratu zuten mediku-azterketa egin ziezaioten.

Akelarre Santutxuko Talde Feministak erasoa gaitzesteko astelehenean deitutako elkarretaratzean salatu duenez, “beste behin instituzioetatik ez dituzte manerak zaindu, arreta erasoan jarriz erasotua izan den norbanakoan ordez”. Jakinarazi dutenez, salaketa jartzean erasoa lapurretatzat jo dute, ez sexu erasotzat. “Erasotzaileak genitalak ukitu al zizkion galdetu zioten ertzainek une oro”, salatu du talde feministak.

Igandean bertan beste eraso bat jazo zen Ibarrekolandan. 39 urteko gizon batek emakume bat giltzapetu zuen lokal batean, ordaindutako sexu harremanak izan ostean. Ertzaintzak emakumearen adiskide baten deia jaso zuen, gertatzen zenaren berri emanez. Polizia agenteak bertaratu eta gizonezkoa atxilo eraman zuten, derrigortze-delitua leporatuta.

Hirugarren erasoa hiriko Kale Nagusian gertatu zen egun berean. Erasotzaileak bikotekidea zuen emakumeari eraso egin zion. Hainbat lekukok Bilboko Udaltzaingoari gertakariaren berri eman ostean, agenteak bertaratu eta gizona atxilo eraman zuten.