Claudia Sheinbaum Mexiko Hiriko gobernuburuak esan du “feminizidio kasuen etengabeko igoerak” eragin duela larrialdi egoera hau ezartzea.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko, larrialdi egoera ezarri du Mexiko Hiriko Gobernuak. Claudia Sheinbaum gobernuburuak adierazi du erasotzaileen zerrenda publiko egingo dela, eta emakumeen aurkako jazarpen eta eraso digitala arautuko duen Olimpia Legea indarrean jarriko dutela.
Horrez, gain emakumeei babesa eskaintzeko asmoz, “Seguru Ibili” deituriko ibilbideak egingo dituela azaldu du gobernuburuak. Mexiko Hiriko lehen emakumezko gobernuburuak esan du neurri hauek ezarri dituela, “arazoa gehiago ezkutatu ahala, konpontzeko zailagoa” izango delakoan.
Biktimen kopuruak, gora
Gutxienez 50 emakume erail dituzte aurten Mexiko Hiriko Estatuan, nahiz eta zenbaki hori dena baino handiagoa izan daitekeen. Mexikon hamar emakume erailtzen dituzte egunero.
Sheinbaumek protesten gorakadari erantzun behar izan dio. Izan ere, herrialdean ezaguna bilakatu zen lau poliziak emakume bati egindako eraso matxistarekin, ukatu egin zuen ostegunean aldarrikatutako neurria. Aldiz, larrialdia ezarri duenean adierazi du “errealitateari aurre egin” behar diola, eta “emakume bezala, hiritar emakumeen haserrea, desadostasuna eta inpotentzia partekatzen” dituela esan zuen.