argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen aurkako indarkeria Europar Parlamentuan

Leire Zapiain EgaƱa El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2021eko azaroaren 18a

Europar Batasuneko emakumeen heren batek indarkeria fisiko edo sexuala pairatu du, eta %70ak jazarpen sexuala lantokian. Frantziar Estatuan, bi egunean behin emakume bat akabatzen du bere bikotekideak edo bikotekide ohiak; Alemanian, emakume bat indarkeria domestikoaren biktima da orduro. Bost orduro emakume bat bortxatzen dute Espainiako Estatuan; Grezian, berriz, 14 emakume egunero. EAEn, Emakunderen kalkuluen arabera, 4.177 emakume izan ziren gizonen indarkeriaren biktima 2020an. Europar Batasunean 50 emakume hiltzen dituzte zenbait gizonek astero. Erailtzen gaituzte. Gaituzue, esan nahi dut. Eta hau larrialdiaren ageriko zatia besterik ez da, emakumeen aurkako indarkeria gehiena ez baita salatzen.

EBk giza eskubideen, justiziaren eta askatasunaren eredutzat du bere burua; argi dago indarkeria matxista ez dela irizpide ebaluazio horretan. Horren adierazgarri da EBk estatu kideei gaitz sozial honekiko konpromiso errealik ez eskatzea. Izan ere, Europa mailan, Istanbulgo Hitzarmena da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legezko tresna nagusia, baina Bulgariak, Txekiak, Eslobakiak, Letoniak, Lituaniak eta Hungariak ez dute berretsi, eta Poloniak hitzarmenetik irteteko mehatxupean ditu herritarrak. Arazoaren harira, Europako Parlamentuak bi txosten gako adostu ditu azken hilabeteotan: batak proposatzen du genero indarkeria delitu-eremu berri gisa jasotzeko EBren Funtzionamenduari Buruzko Trataturen 83(1). artikuluan, eta besteak, indarkeria domestiko kasuetan, kustodia eskubideak emakume eta haurrengan duen eragina aztertzen du. Txostenok liberalekin eta eskuinarekin negoziatu behar izan direla kontuan hartu behar da: ez dago tarte handirik feminismo erradikalarentzat europar instituzioetan. Eta hala ere, aurrerapauso garrantzitsuak eman direla esango nuke.

" Ustelkeria eta delinkuentzia informatikoa kudeatzeko esfortzu bateratu sendoagoak daude, indarkeria matxistaren aurka egiteko baino”

Lehenengoaren bidez, generoan oinarritutako indarkeria eurodelitutzat onartzeko eskaera egin du Parlamentuak. Izan ere, Estatu kideen neurriak askotarikoak eta eskasak dira, eta asimetria honek ondorio latzak ditu. Esaterako, erasotzaileak estatu batean lasai asko ibil daitezke, beste batean justizia atzetik izanagatik. Sinesgaitza badirudi ere, ustelkeria eta delinkuentzia informatikoa kudeatzeko esfortzu bateratu sendoagoak daude, indarkeria matxistaren aurka egiteko baino. Txostenak, EBFTri jarraiki, indarkeria-mota honek eurodelitutzat hartzeko baldintzak betetzen dituela argudiatu du: bereziki larria da eta mugaz haraindiko dimentsioa du. Kontseiluak Parlamentuaren eskaera onartuko balu, estatuen artean gutxieneko arau batzuk ezartzeko aukera zabalduko litzateke, koordinazioa indartu eta baliabideak handitzekoa, prebentzioari, neurri punitibo amankomunei eta biktimen babes eta erreparazioari bultzada bat emateko.

Bigarren txostenean, argi eta garbi adierazi du Parlamentuak: indarkeria matxista zaintza partekatuarekin bateraezina da. Amaren eta seme-alaben babesak eta giza eskubideek erabateko lehentasuna dute, eta sarri, erasotzaileak kustodia erabiltzen du amaren gaineko kontrola eta indarkeria ziurtatzeko. Osasunari lotutako erakundeekin bat eginez, Munduko Osasun Erakundea barne, estatuei eskatu die epaitegietan ez onartzeko GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua, eta debekuaren aukera eztabaidatzea proposatu du. Feminizidio kasuetan, berriz, akusatuari autoritate parentala sistematikoki ukatu beharra defendatu dute parlamentarioek, zenbaitetan, umeak amaren hiltzailearekin uzteko ideia bikaina izan baitute epaileek. Gainera, indarkeria matxistari lotutako kasu kriminalen eta bereizketa eta kustodia kasu zibilen arteko koordinazioa indartzeko dei egin dute, baita mugaz bestaldeko kasuetan ere. Txostenaren beste zutabe bat dirua izan da: estatu kideei eta Komisioari baliabide ekonomikoak handitzeko eskatu zaie, eta, batez ere, zailtasun ekonomikoak ez daitezela oztopo izan emakumeek indarkeria salatzerako orduan.

Gaiak zaharkitua dirudi, errepikakorra, nekagarria, deserosoa. Baina desatsegina bada emakumeen aurkako indarkeriari buruz berriz ere irakurtzea, imajinatu indarkeria bera edo haren mehatxupean bizitzea zer ote den. Ea aurtengo azaroaren 25ean, gure ordezkariek, inertziaz bada ere, errora doazen neurriekin bidea zabaltzen jarraitzen duten, haien emakumezko hautesleak umiliatu beharrean putazaleak eta nesken trafikatzaile sexualak goraipatuz. Nahiz eta erasotzaileak futbolari ospetsuak izan.