argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen %45ak ez du bere gorputzaren inguruan erabakitzeko autonomiarik
Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 15a
Emakume bat bere semearekin, Hegoafrika. Agazkia: Pixabay

NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak lehen aldiz aztertu du emakumeek euren gorputzarekiko duten autonomia. Eta ondorioa argia da: milioika pertsonari ukatu egiten zaie sexu harremanei ezetz esateko, norekin ezkondu erabakitzeko eta nahi dutenean haurrak izateko eskubidea. Ikerketa garabidean dauden 57 herrialdeetan egin da eta hauen berri eman du Berria-k. Emakume horien % 55ak erabaki dezake askatasunez herrialde horietan. Kontutan hartu beharra dago, herrialde ezberdinen araberako aldeak nabariak direla: Asia ekialdean eta Latinoamerikan % 76k du hiru eremu hauetan erabakitzeko aukera, Ekuadorren %87k eta Filipinen %81k. Afrika erdialdeak eta mendebaldean % 40 baino gutxiago.

UNFPAk berrikuntza orokorrak beharrezkoak direla adierazi du, ohartaraziz atal jakin batean aurrera pausuak egiteak ez duela zertan beste atal batzuetan eragiten. "Sistema patriarkalek gizonen sexu nahiak emakumeen nahien gainetik ezartzen dituen botere harremanen dinamika betikotzen dute. Hainbat emakumek sexu harremanei ezezkoa emateari uko egitea onartzen dute beren bizitzako beste alor batzuetan autonomia handiagoa izatearen truke", azpimarratu dute txostenean. 

Lege diskriminatzaileak

Emakumeen gorputzaren inguruko erabakiak batzuen esku uzten dituzten "lege diskriminatzaileak" daudela deitoratu du UNFPAk: mundu mailan, emakumeek gizonezkoen eskubide juridikoen % 75 bakarrik dauzkate bermaturik. Gainera beste hainbat diskriminazio mota ere gehitu behar direla ohartarazten dute txostenean: independentzia ekonomiko eza, arraza, etnia, adina, sexu orientazioa edo ezgaitasunak. Aztertutako herrialdeen laurdenetan emakumeak ez dituzte antisorgailuak eskuratzeko gizonezkoen aukera berdinak. Bost emakumeetatik batek ez du osasun sexuala babesteko neurririk hartzen.

Beste datu beltz eta kezkagarri bat ere ageri da txostenean: hogei herrialdeetan, gizonak hori nahi badu euren bortxatzailearekin ezkotzera behartuta daude emakumea eta 43tan, ez dago ezkonduen arteko bortxaketak zigortzeko araudirik.

COVID-19ak eragindako zailtasunak

UNFPAren arabera pandemiak eragindako egoerak gauzak okertu egin ditu. Momentu honetan inoiz baino emakume gehiago jasaten ari dira mota guztietako diskriminazioak: "Genero arrazoiengatiko indarkeria, ezkontza goiztiarrak eta halako praktika kaltegarriak". Egoera okerragoa izan zitekeela azpimarratu dute, pandemiak 47 milioi emakumek antisorgailu modernoak ezin eskuratzea eragingo zuela uste zutelako hasieran.  Izurriteak eragindako kalteen adibide gisa ondokoa agertzen da txostenean: 1,4 milioi haurdunaldi gertatu direla, familia plangintza zerbitzuek izandako etena dela medio.

Diskriminazio horrekin bukatzeko "generoaren araberako araudiak indartzen dituzten egitura sozial, politiko, instituzionalak eta ekonomikoak" aldatzeko lan egiteko deia luzatzen die gobernuei.