argia.eus
INPRIMATU
EAEko emakumeek zaintza lanetan gizonezkoen ia denbora bikoitza ematen dute
  • Eustatek egindako kontziliazioari buruzko lanaren emaitzaren arabera, gizonezkoek etxeko lanetan egiten dituzten ordu kopuruak gora doazen arren, parekidetasunetik urrun daude oraindik: emakumeek egunean batez beste 9,4 orduz egiten dituzte zaintza lanak, gizonek 5,4.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 27a
(argazkia: Dani Blanco)

2016an haurren eta menpeko pertsonen zaintzan eta etxeko lanetan emandako denbora zenbatu dute, genero eta lanbideen arabera. Inkesta izan da erabilitako metodologia.

Etxeko lanei dagokienez emakumeek egunean bi ordu eta gizonek 1,2 egiten dituztela diote. Haurren zaintzari emakumeek 4,7 ordu eskaintzen diote egunean eta gizonek 3,3. Menpeko senideen zaintzan dago alde handiena, emakumeek 2,7 ordu eskaintzen baitiote, eta gizonek 1,1, erdia baino gutxiago.

Kontziliazioa zailtzen duen beste bi datu ematen ditu ere Eustaten lanak; enpleguaren luzerari dagokionez, emakume gehienek (%58k) lanaldi jarraitua daukate eta gizonek kasuan erdia baino gutxiago da, %43. Bestetik, langileen ia erdiak dagokiena baino ordu gehiago egiten dute egunero lanean, eta noiz aterako den ez daki  %38k; hemen ez dago generoen artean ia alderik.