argia.eus
INPRIMATU
Emakumeek meza ematea hobesten dute lau katolikotik hiruk
  • Emakumezkoen diakonotza onar dezan, eskaera luzatu diote Frantzisko Aita Santuari 900 elizkoik, eta gaia aztertzeko komisio bat izendatzea hitzeman du hark.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 26a
Frantzisko Aita Santuaren jarrera "positibotzat" du Maria Jose Arana teologoak.

“Duela zenbait urteko inkesten arabera, Europako kristauen %70k emakumezkoek meza ematea hobesten dute”, dio Maria Jose Aranak Noticias de Gipuzkoan. Teologoa da Arana, eta bere arabera, aukera horren aldekoak %80 baino gehiago dira egun. Bere esanetan, kristauen gehiengoak ez dio garrantzirik ematen abadeen sexuari, gainontzekoek aldeko jarrera dute eta %10 inguru dira aurka daudenak.

Aranak dioenez, elizkoiek badakite Eliza emakumezkoei gehiago ireki behar zaiela: “Eskaintzen diren erlijio zerbitzuen zati handi bat aurrera ateratzen dute”. Hala, Abadesa Nagusien Batasun Internazionaleko 900 elizkoik emakumezkoen diakonotza baimentzeko eskaera luzatu zioten abuztuan Frantzisko Aita Santuari. Honek, gaia aztertzeko komisioa zabaltzeko konpromisoa hartu du, eta Aranak “positibotzat” du hori: “Frantzisko [Aita Santua] aurrekoak baino sentsibilizatuago dago. Zerbait egingo duela esaten badu, egiten du. Pontifikatua hasi zenetik hobera egin du”.

Aranak zehaztu duenez, “gizartean lortzen ari den berdintasun zibila Elizan txertatu behar dugu. Ez da eskaera zoroa, justizia soziala da”. Oroitu du Pablo VI Aita Santuak bere garaian Komisio Biblikoarekin aztertu zuela gaia, eta Bibliaren arabera arazorik ez dagoela ondorioztatu zutela: “Arrazoiak entzun zituen, baina ez zuen ezer egin”. Oraingoan, baina, esperantza dute komisio berriaren sorreran, “[Aita Santuak] bere ideiak aurrerakoiegitzat dituztenekin arazoak izan arren, komisioa sortze hutsa iraultzailea delako”.