Aratuste igandean ateratzen du Zerutxu dantza taldeak saragi-dantza Markina-Xemeingo kaleetara. Zortzi dantzari eta zahagi batek osatutako taldea kalez kale ibiltzen da, geldialdi bakoitzean saragi-dantza eginez. Makila-dantzariek makilak elkarri joz jokoa egiten dute eta ondoren zahagia kolpatzen dute denek batera. Emakumeek parte hartu dute lehen aldiz saragi-dantzan eta antzar-jokorik ez da izan estreinekoz Markina-Xemeingo inauterietan.
Behin saragi-dantzariek dantzatuta, segidan, beraiekin doan hartzaren txanda izaten da. Hartza katez lotuta daraman gidariak panderoa jo eta hartzak dantza egiten du. Halako batean ordea, ziztu bizian, korrika hasten da hartza eta bazterrean begira ari den ikusle baten gainera jauzi egiten du. Erakusleak katetik tira eginez baztertzen du hartza. Segizioak kalejirarekin jarraitzen du eta hurrengo geldialdian berriz errepikatzen da saragi-dantza eta hartzaren jokoa.
Emakumeak lehen aldiz
2020ko otsailaren 23an emakumeak izan dira lehen aldiz saragi-dantzarien taldean. Zerutxu dantza taldeko kideek halaxe erabakita, orain arte mutilek baino dantzatzen ez zuten dantza neskek eta mutilek dantzatu dute elkarrekin aurten. Ez da izan aurten Markina-Xemeinen inauterietan izan den aldaketa bakarra. Lehen aldiz ez da antzar-jokorik izan. Sokatik zintzilik jarritako antzarak zaldiz hartzen saiatzean zetzan jokoak. Azken urteotan benetako antzarak erabiltzeari utzi zitzaion, baina aurten ez da jokorik izan.
Guztira zortzi dantzarik eta saragiak osatutako hiru talde plazaratu dituzte. Honako bideoan azaldu ditu aurtengo saragi-dantzaren ingurukoak Iraide Antxiak, Zerutxu dantza taldeko dantzariak.